‘Liburuaren Arbola’ erakusketa ibiltaria Iruñera iritsi da

2025-01-10

Erakusketak bere lehenengo aldia du Nafarroan; hiriburuko Hizkuntza Eskola Ofizialeko areto nagusian egongo da ikusgai, urtarrilaren 13tik 23ra. Erakusketa Gorka Arresek ondu du; sortzaileak bisita gidatua eskainiko du urtarrilaren 20an, 17:30ean.

Euskararen Etxeak eta Gorka Arresek ondutako Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria Nafarroan izango da lehenengo aldiz, datorren astelehenetik aurrera. Erakusketa Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko areto nagusian egongo da, eta urtarrilaren 13an zabalduko ditu ateak, 16:00etatik 20:00etara. Hortik aurrera, urtarrilaren 14tik 23ra arte, goiz eta arratsalde egongo da irekita, honako ordutegi honekin: 09:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00.

Erakusketaren azalpena:

Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.

Liburuaren Arbola erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz.

Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena.

Erakusketaren helburuak:

  • Liburua berez zer den ezagutzea, ulertzea eta bere garrantzia azpimarratzea.
  • Liburuaren zati nagusiak identifikatzea: letraren anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia.
  • Liburuan parte hartzen duten eragileak aztertzea: idazlea, editorea, irakurlea, inprimategia.
  • Euskal literaturara eta liburugintzara gerturatzea.

Erakusketaren apailatzailea:

Gorka Arrese (Zarautz, 1965) kazetaria eta argitaratzailea da. ArgiaEginEuskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin zuen. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, Beñat Sarasola eta abar. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduteak.