“Kortxoaren dilema” thriller politikoa estreinatuko du Tartean Teatroak

2023-07-06

Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek antzeztuko dute Kortxoaren dilema, zeina Mireia Gabilondok zuzendu duen. Udazkenean estreinatuko dute, eta Tartean Teatroa konpainiak jakinarazi duenez, “endreduzko thriller politikoa bi aktorerentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean”. Bi aktoreak irakasle eta ikasle baten azalean sartuko dira.

Honatx obraren sinopsia: “Irakaslea (70 urte) Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Noam Chomsky iberiar bat.

Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hori. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Haien ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukoa, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru horren salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea izan da.

Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin.

Gaur hartu du erabakia. Publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere ikaslea (60 urte) izandako bat, agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator”.

Emanaldien datak ikusteko, sartu hemen.