Juan Carlos Perezek eta Kirmen Uribek “Saturraran” opera estreinatuko dute Bilbon

2023-06-09

“Saturraran” izeneko opera 2024ko ekainaren 20an estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian. Uribek idatzi du liburua eta Perezek musika. Sarrerak 2023ko ekainaren 26an jarriko dira salgai.

“Elezahar batek dio Saturraran hondartzako bi haitz handiak bi maitale direla. Gizarteak ez zien elkar maitatzen uzten eta uretan ito ziren maitaleak. Itsasotik bi haitz handi sortu ziren gero, haien oroimenez. Elkar maitatu ezin diren bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maiteminduko dira. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Jose, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da.

Desberdina onartzearen zailtasuna, heroina eta hiesaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera. Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran”.

informazio gehiago, hemen.