“Itzala, hitzaren ahala” lelopean egingo da Literaturia irailean

2021-09-13

Euskal letren udazkeneko hitzordu  nagusia da Literaturia, zeina Zarautzen egingo den irailaren 24tik 26ra. Lutxo Egiak irakurriko duen manifestuarekin hasiko da aurtengo edizioa, Modelo Aretoan, 20:00etatik aurrera. Idazlearen hitzen ondotik, Asisko Urmeneta marrazkilariaren Sugarren mende komikian oinarritutako antzezlana estreinatuko dute.

Larunbatean beste estreinaldi bat izango da: Gotzon Barandiaran idazleak eta Tapia musikariak azokarako propio egin duten Apoaren itzala. Larunbatean izango diren beste jarduera batzuk hauexek dira: Zientzia fikzioa Euskal Herrian eta Saiakera itzultzeaz mahai inguruak. (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea ere omenduko dute zapatuan.

Igandean, besteak beste, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea omenduko dute eta Iñigo Astiz kazetari eta idazleak eta Jon Basaguren musikariak Oraindik, orain, oraingoz ikusgarria aurkeztuko du, zeinak musika eta poesia uztartzen dituen.

Ohikoa den legez, liburu aurkezpenak, liburu-azoka eta umeentzako tailerrak izango dira.

Informazio gehiago, hemen.