Xabiroi argitalpenaren orrialdeetan Joxean Muñozek eta Juan Luis Landak sortutako Irati pertsonaiaren abenturak zinean ikusi ahalko dira laster. Paul Urkijo (Errementari) zinegile gasteiztarrak filmatuko du, hain justu, Irati filma. Zinemaldian aurkeztu berri dute zine-egitasmoa. Urkijorekin batera, Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreak izan ziren aurkezpen-ekitaldian.
Euskal mitologiari buruzko film epikoa izango da Irati, VIII. mendean girotua: Eneko noble gaztea Pirinioetako basoetan sartuko da aitaren gorpuaren bila. Bidean, Irati izeneko neska bat aurkituko dugu eta harekin biziko ditu hamaika abentura.
Epika, superstizioa eta errealismo magikoa erlijio kristau eta musulman hegemonikoekin batera bizi dira. Erlijio horiek elkarrekin borrokatzen dira, azken sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. “Beti egin nahi izan dut euskal mitologiari buruzko film epiko bat”, azaldu zuen Urkijok.
Sasoiko euskara erabiliko dute aktoreek filmean. “Historikoki ezin gara iritsi errealitatera, baina soinu batzuk berreskuratuko ditugu, testura batzuk. H hasperena ere sartuko ditugu elkarrizketetan”. Gorka Lazkano arduratuko da filmean erabiliko duten euskaraz; Errementari filmean ere ardura bera izan zuen.
Filma Euskal Herrian eta Huescan filmatuko dute, eta azarorako amaituta izatea espero dute. Informazio gehiago, Berria egunkarian.