Ikusle Taldea eratu dute Dinamoa Sormen Gunean

2020-09-23

“Badira irakurle taldeak ugari, baina guk dakigula ikusle talderik ez, irudiari buruz hitz egiteko biltzen den talderik ez, eta guk proba egin nahi dugu”, iragarri du Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunea.

Lehenengo saioa irailaren 29an egingo dute, 19:00etatik aurrera. Lehendabiziko solasaldi horren abiapuntua Raymond Pettibon artista estatubatuarraren irudi bat izango da.

Pettibon AEBetako punk eszenan sortutako artista da, 1980ko hamarkadaren hasieran. Izan ere, Black Flag punk taldeko Greg Ginn gitarra-jotzailearen anaia da, eta, besteak beste, Black Flagen logo ezaguna eta makina bat disko-azal diseinatu ditu. Sonic Youth taldearen Goo diskoaren azal ikonikoa ere Pettibonek egin du.

“Bi gauza diferente dira begiratzea eta ikustea. Batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusi egiten ditugu. Eta mutur batetik besterako tarte hori da guk lana egiteko lekua. Eta irudiek ze funtzio betetzen duten pentsatzekoa”. Horretarako askotariko irudiak landuko dituzte: “artelanak, argazkiak, iragarkiak, aldizkari edo liburuen azalak, afixak, filma zatiak, memeak, GIFak… Irudiei buruz hitz egitea da kontua, eta irudia pentsatzea”.