Ihes-gela bat kalean, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

2024-05-07

Bizkaiko museoak hainbat jarduera ondu dituzte maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunaren harira, tartean, “doako sarrerak zentro gehienetan eta Bizkaiko museoen aberastasuna ezagutzeko eta aintzatesteko Bilboko Campo Volantinen egingo den ihes-gela bat”.

Egitarau osoa gaur bertan aurkeztu du Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Bizkaiko museoetako 30 ordezkari baino gehiagorekin batera.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, “Bizkaiak bat egiten du aurten ere ICOMek bultzatutako efemeride honekin, arreta lurraldeko berrogei museo baino gehiagotan, museo horien askotarikotasunean eta kultur eskaintza oparoan jartzeko. Aurten ospakizunaren ardatza Museoak hezkuntzaren eta ikerketaren alde da”.

Bada, egun hori ospatzeko museoek antolatu antolatu dituzten jardueren artean kalean jarriko den ihes-gela bat dago: “Jolas-dinamika hau publiko orori zuzenduta dago eta museoek duten garrantzia, eskaintzen duten guztia eta gizartea eta kultura aberasteko egiten duten ekarpena ezagutzeko modu bat da, ikasteko, ikertzeko eta kultura zabaltzeko funtsezko lekuak direlako. Escape Room honetan sartzea doakoa da, baina parte hartzea ziurtatzeko bizkaikomuseoak@bizkaia.eus-en bidez izena ematea gomendatzen da”. Maiatzaren 18an izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Bilboko Campo Volantin kalean.

Gainerako jardueren berri izateko, sartu www.museoeneguna.eus webgunean.

Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroak ere parte hartu du ekimenean.