“Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzeko lanean” erakusketa inauguratuko da Euskararen Etxean maiatzaren 18an

2023-05-02

Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroaren jardunari lotuta, eta maiatzaren 18an ospatuko den Museon Nazioarteko Egunaren harira, Euskararen Etxeak Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzeko lanean erakusketa ondu du Garabide elkartearekin lankidetzan. Garabide Euskararen Etxeko Lantegi Kooperatiboko kidea da. Erakusketa ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Ekimena Bizkaiko museo, areto eta interes guneek ondu duten egitarauaren barruan egingo da, zeina, aurten, Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasunalelopean egingo den.

Hizkuntzak eragile ekonomikoak dira, baita bakerako eta gizarte-kohesiorako funtsezko faktoreak ere, eta, azken batean, giza eskubideei lotutako gaia dira. Horregatik guztiagatik, garapen jasagarriak kontuan izan behar ditu hizkuntzak.

Euskal Herrian, nabarmena da hizkuntzek eta kulturek garrantzia handia dutela komunitateen garapenean.

Beraz, agerian utzi behar dugu gizakiaren eta bere hizkuntzaren arteko lotura eta elementu horiek komunitateen garapen integralean duten garrantzia.

Erakusketari dagokionez, Erakusketak bi kontu jakinaraztea du helburutzat. Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzia eta zein aukera dituen. Bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurreratzea, euren sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun.

Ikusleak hainbat ipuintxo ditu paneletan. Kolibriaren mitoa izenekoan hizkuntza lankidetzaren saretzearen beharra azaltzen da; hurrengoetan, maputxe, guarani, huni kuĩ, kichwa, nasa, q’eqchi’, k’iche’, kaqchikel, mayata’an, nawat eta euskal herrien elezaharrak; eta, azkenik, euskal elezaharrean hizkuntza kooperazioaren aldarrikapena.

Erakusketari buruzko informazio gehiago, hemen.

Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna egitarauaren gaineko xehetasun gehiago, hemen.