Mundua irauli duen lehen objektu industriala izeneko berbaldia emango du Gorka Arrese editoreak astelehenean, azaroak 28, Getxoko Punta Begoña Galeriak gunean, 19:00etatik aurrera.
Hitzaldia Liburuaren Arbola erakusketari lotzen zaio, zeina Arresek berak apailatu duen eta, egun, Getxoko Punta Begoña galerietan dagoen ikusgai; hain justu, abenduaren 9ra arte.
Erakusketa ibiltaria da, eta, laster, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan ikusi ahalko da, abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra bitarte; bertan ere hitzaldia emango du Arresek.
Gorka Arrese (1965, Zarautz) kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin zuen. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zen, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenbiziko liburuak argitaratu ditu, hala nola Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea, Beñat Sarasola eta abar. Literaturaren historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu dio Armiarma.eus ataria osatzen jarduteak.