Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatutako erakusketa da, Lemoako Udalaren laguntzarekin.
Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroko lagin bat da.
Euskararen Interpretazio Zentroaren edukien isla da, eta edukiok Irakurketa Errazean egin dira.
Erakusketa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da, eta tokian tokiko ñabardura eta ezaugarriak ere erakutsi eta jasoko ditu.
Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltaria oraingoan herriz herri ibiliko da Bizkaian barrena, aurretik hainbat euskal unibertsitatetan izan ondoren. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatu dute erakusketa, Lemoako Udalaren laguntzarekin, eta urriaren 1etik azaroaren 8ra izango da ikusgai, Lemoako Kotxepin Kultur Etxean.
Urtea amaitu baino lehen Markina-Xemeinen eta Galdakaon izango da. Horretaz gainera, 2027an ere batetik bestera ibiliko da.
Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita.
Erakusketaren bigarren fase honetan, edukiak Irakurketa Errazean prestatu dira, edozein pertsonak uler ditzan, batez ere irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonak, adimen-desgaitasuna duten pertsonak, adineko pertsonak edo euskara eta gaztelania ondo ez dakiten pertsonak; izan ere, Irakurketa Errazak pertsona guztiei informazioa modu errazean ulertzeko aukera eskaintzen die.
Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribe idazleak, 2009ko Literatura Sari Nazionala jaso zuenak, eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua.

“EUSKARAREN ETXEA, PLAZARA” ERAKUSKETA
Euskararen Etxea, plazara erakusketaren bidez, Euskararen Etxeak bere hormak gainditu eta Interpretazio Zentro berriaren edukien lagin txiki bat aurkeztu nahi du, eta herritarrak bere egoitzara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen.
Euskararen Etxea, plazara erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzea.
Horretarako, erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaia eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak.
Horrekin batera, erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz.
Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte bisitariek euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez ere.
www.euskararenetxea.eus






