Euskararen Etxea irekita egongo da Aste Santuan, eta jarduera bereziak eskainiko ditu ume, familia, heldu eta aisialdiko taldeentzat

2022-03-29

Apirilaren 11tik 23ra Euskararen Etxea irekita egongo da. Hori dela eta, jardueren eskaintza berezia ondu da.

Hala, Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa bisitatzeko ohiko aukeraz gainera, haurrentzako, familientzako eta helduentzako jarduerak izango dira.

Heldu eta gazteentzat:

  • Euskararen Interpretazio Zentroa

Euskararen historiari eta egoerari buruzko informazio interesgarri bezain baliagarria jasotzen da zentroan. Euskararen bidaia irudikatzen duen tren geltoki bat da. Bertan, modu atsegin eta erakargarrian euskarari buruzko zehaztasunak ezagutzeko aukera dago.

Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez bisita daiteke eta doako bisita gidatuak eskaintzen dira. Bakarka edota taldean bisita daiteke.

Astelehenetik larunbatera: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00

  • Euskal Alien Nazioa ihes-gela

Heldu eta gazteentzako ekimena da: “Euskal Alien Nazioa” ihes-gelan euskarari lotutako zientzia fikziozko misterioa askatu beharko duzue aretotik atera ahal izateko. Erronkari heltzeko prest?

Arratsaldez eskainiko da; bi txanda izango dira: 16:15 – 17:15 eta 17:45 – 18:45

Ume, familia, kuadrilla eta aisialdi taldeentzat:

  • Hostopostoak

Familiak, kuadrillak edo aisialdiko taldeak lau eta hamar urte bitarteko umeekin etortzeko proposamen dibertigarri bezain hezigarria da Hostopostoak. Ekimenaren helburua euskaraz eta familian jolastea da. Horretarako, mahai-jolas erraldoi batez baliatuko gara. Gauza berriak ikasi, jende berria ezagutu eta euskarara gehiago gerturatzeko aukera bikaina da hau.

Goizez eskainiko da; hiru txanda: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.

OHARRA: Apirilaren 17an eta 18an, Euskararen Etxea itxita egongo da.

Informazio gehiago: www.euskararenetxea.eus