Euskararen estatus juridikoaren egoerak eta aukerak aztertuko dituzte Iruñean

2024-06-04

UEUk Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak (Hasierako atala) ikastaroa egingo du ekainaren 6an, Iruñeko Kondestablearen jauregian, 10:00etatik 14:00etara bitarte. Ikastaroa presentziala izango da, eta gaur, ekainak 4, amaitzen da izena emateko epea.

UEK jakinarazi duenez, “Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian konplexua da. Hiru estatus oso desberdin ditugu Nafarroa Garaian, Ipar Euskal Herrian, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan (EAE). Gaia pil-pilean dago azkenaldian EAEn euskara nozitzen ari den oldarraldi judizialagatik. UEUk jardunaldi hau ikuspegi zabaletik planteatzen du, egungo koiunturaz haratago, gure esparrukoa den ekarpen akademikoa eginez.

Helburua bikoitza da: alde batetik, bizi dugun esparru juridikoaren irakurketa akademikoa konpartitzea, eta bere arazoak eta zalantzak plazaratzea. Horrekin batera, ikuspegi anitzekoa eta nolabait prospektiboa den gogoeta bultzatu nahi dugu, ertz desberdinetatik helduta, euskararen egoera eta etorkizunari buruzko gogoetarako klabeak emanez”.

Egitaraua ikusteko, sartu hemen.