“EuskaraAbentura” espedizioko 150 lagunek bisitatuko dute Euskararen Interpretazio Zentroa

2023-07-14

Uztailaren 30ean,  EuskaraAbentura espedizioan parte hartzen ari diren 150 lagun etorriko dira Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatzera.

EuskaraAbenturaren webgunean jasotzen denez, “Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 120 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango dituen oinezko espedizioa da EuskarAbentura. Uztailaren 1ean abiatu eta hilaren 31ra bitarte, 31 etapa osatuko dituzte, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.

Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Euskal Herria luze-zabal zeharkatuko dute, Maulen hasi eta Getxo helmuga hartuta. Hiriburu guztiak ez ezik, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte; bai eta basoak, hondartzak, museoak, gari-soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu nahiz eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak…

Era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenek aberastuko dute abentura. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko”.