Euskal Diasporaren Eguna: Diasporari egokitutako Euskararen Interpretazio Zentroaren online bisita

2021-09-02

Irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Euskararen Etxeak bere ekarpena egin nahi du: irailaren 8an, Euskararen Interpretazio Zentroaren online bisita egokitua abiatuko dugu diasporako Euskal Etxeetako kideentzat. Zerbitzu hori gure eskaintzaren baitan mantendu da; hortaz, irailaren 8tik aurrera ere erabili ahalko da.

Bisita horren edukiak hartzaile zehatz horiei egokituta egongo dira, eta erreserba egiteko ohiko bidea erabili beharko da: www.euskararenetxea.eus.

Online plataforma baten bidez Euskararen Interpretazio Zentroko gidari espezializatu batek bisita dinamiko eta parte hartzaile bat eskaintzen du. Euskararen ibilbidea eta egoera ezagutzeaz gain, esperientziak partekatzeko eta hausnartzeko aukera ere eskaintzen du.

Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Euskal Diasporaren Egunaren harira egingo diren ekitaldi guztiak #EuskoChallenge traolaren baitan bilduko dira. “Irailaren 8an #euskaldiasporareneguna ospatuko da, eta zauden tokian zaudela, nola bizi duzun jakin nahi dugu. Erabili #EuskoChallenge traola eta erakutsi munduari nola ospatzen duzun egun berezi hau”.