“Emakume Idazleak Euskal Literaturan” erakusketa izango da ikusgai Euskararen Etxean, abenduaren 1etik aurrera

2026-11-25

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, EuskalPenek Emakume Idazleak Euskal Literaturan erakusketa paratuko du Euskararen Etxean. Erakusketak 500 urteko historia jasotzen du, emakumeen ahotsetatik kontatua.

Erakusketa 2026ko abenduaren 1etik 2027ko urtarrilaren 30era egongo da ikusgai Euskararen Etxean.

EuskalPen erakundearen arabera, “Euskal Literaturaren Historia liburuek esaten dute Bernart Etxepare izan zela euskal lehen idazlea eta, euskaraz idatzitako lehen liburua, Linguae Vasconum Primitiae (1545). Historia liburuek ez dute esaten 116 urte lehenago Milia Lasturkoaren ahizpak eta Santxa Hortizek eresi ezaguna sortu zutela, eta beste hiru emakume idazle izan zirela XV. mendean. Liburuek ez dute jasotzen Estibaliz Sasiola idazle emankorrak XVI. mendean hiru idazlan idatzi zituela eta, beraz, Bizenta Mogel (XIX. mendea) ez dela lehen emakume idazlea, esan den bezala. Erakusketa honetan bildu dira XV. eta XX. mendeen artean emakumeek idatzi duten lehen lana, eta lanaren argitalpen-urtea. Bestalde, 2011n hasita, martxoaren 8aren inguruan Euskal PENek urtero-urtero argitaratu dituen posterrak ere jasotzen dira, martxotik martxora euskaraz idatzi edota euskarara itzuli duten emakumeen izenak bilduta”.