Don Inorrez taldeak disko berria aurkeztuko du online

2021-02-24

Don Inorrezek Esku Hutsik izenburuko bigarren lan luzea aurkeztuko du bihar, 10:30etik aurrera, Youtube bidez: youtu.be/-eUxkdYeWzE

Imanol Ubedak 2018an abiatu zuen Don Inorrez egitasmoa, aspalditik lagun duen Karlos Arancegui bateria jotzaile apartaren laguntzaz, besteak beste, Bide Ertzean taldearen itzalpetik ateratzeko. Hala, Mugiro bila izenburuko diskoa grabatu zuen Cadizen, Paco Loco ekoizle eta gitarra-jotzailearen parte-hartzearekin. Grabazio hartan gitarra kiriotsuek bultzatutako eta hitz domestiko zein literatur zaleekin jantzitako hamar kantu sendo plazaratu zituen, batzuetan sakontasunez besteetan ironiaz.

Bada, bigarren honetan, Ubeda Esku Hutsik datorrela dirudien arren, beste hamar kantu are trinkoagoekin azaleratu da, inguruan ohiko susmagarriak dituela: Arancegui, Loco eta Jacob Reguilon, baxuan. Doinuok borobilagoak dira aurreko laneko bertuteetan gehiago murgildu delako tolosarra, baliabide tekniko zein humanoei zuku gehiago ateratzeko asmoz. Hori guztia, gainera, lotsagabe egin du, gehienbat taldearen eskarmentua baliatuta eta kantuei ausardia handiagoarekin eutsiz, eta tarteka, klasikotasunera gerturatuz, berritasun gisa.

Jarraian, Barre ala Negar kantua entzun dezakezue: