Augustin Zubikarai Nobela sariaren deialdia zabalik da

2021-07-14

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatutako bekaren XXI. edizioa abian da. Saria 6.000 eurokoa da eta lanak aurkezteko epemuga 2021eko urriaren 31 izango da. Proiektuok helbide honetara bidali beharko dira: mrey@ondarroa.eus.

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatuko dute epaimahaia eta 2021eko azaroaren 30a baino lehen iragarriko dute irabazlea.

Antolatzaileeek jakinarazi dutenez, parte-hartzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). Hartara, egileak ez du bere nortasuna agerian utz dezakeen ezer idatziko ez laginean ez azalpenean (bidaliko duen artxibategietako ezaugarrietan ere ez). Baztertu egingo dira hori betetzen ez duten hautagaiak.

Informazio gehiago, hemen.