“Atzerrian lurra garratz” estreinatuko dute Artedramak eta Huts Teatroak

2021-02-04

Artedrama eta Huts Teatroa antzerki-konpainiek Atzerrian lurra garratz estreinatuko dute otsailaren 12an, Oñatiko Santa Ana Antzokian. Berea ez den lurralde batean sustraitu behar duen Aurora Mora emakume kolonbiarraren inguruan ardazten da obra. “Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea?”.

Amancay Gaztañagak zuzendu du obra Ander Lipus, Amancay Gaztañaga eta Laura Penagosen testuan oinarrituta. Miren Amurizak halaber, testuaren idazketan lagundu du. Oholtzan, Ander Lipus eta Laura Penagos arituko dira. Azkenik, Ibon Rg musikaz arduratu da.

Antzezlanaren sinopsiak honela dio: “Izerdi eta neke asko kostatu zaio hona heltzea. Izan ere, Aurora ez da euskal herritarra, ezta europarra ere. Berak bakarrik daki zenbat mespretxu jasan dituen. Zenbat kostatu zaion harrizko lur honetan sustraitzea. Baina Hermann Hessek zioen bezala: “biguna, gogorra baino ahaltsuagoa da. Ura haitza baino gogorragoa. Maitasuna, biolentzia baino indartsuagoa. Bere ama-lur Kolonbiari buruzko erakusketa bat aurkeztuko digu munduaren beste aldean. Duela bostehun urte hara joan zirenei Kolonbia zer zen, zer den eta zer izan nahi duen azalduko die amona Nayelik erakutsitako hitzekin”.