“Antigone edo ezetzaren beharra” lanak irabazi du XXII. Donostia Antzerki Saria

2022-03-01

Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak eskuratu du XXII. Donostia Antzerki Saria. Epaimahaiaren arabera, “klasiko baten egokitzapen, kontakizun eta bertsio freskoa” dela nabarmendu du epaimahaiak”.

Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, egingo dute sari-banaketaren ekitaldia Viktoria Eugenia antzokian, eta bertan antzeztuko dute ostera ere obra; Horman Poster antzerki-taldeak 12.000 euro eta Oaia Peruarenaren artelan bat jasoko ditu.

Antigona antzezlan klasikoaren bertsio librea da, estreinakoz euskarara ekarria. Alaia Martin bertsolariak idatzitako sinopsiaren arabera, “Antigona obra erabat garaikidea da, eta beharrezkoa zen haren oihartzuna euskaraz entzunaraztea. Bertsio libre honek mendeetan zehar konpondu ez diren gatazkak eszenaratzen ditu, erdi komikoa erdi tragikoa den begiradaren ikuspegitik. Gizarte-arauek, familia-kodeek, botere-harremanek, egitura desegituratuek eta grinek odoleztatutako salda, non zalantzan jartzen den bertan egosten ari den guztia. Baita antzezlana bera ere. Pertsonaia indartsu eta poliedrikoek gauzatzen duten festa distiratsua”.

Sofoklesen testuan hainbat lagunek parte hartu dute, euskarazko bertsio garaikide eta kolektibo-kolaboratzailea ontzeko asmoz, izan ere, Jokin Zaitegi, Anouilh, Brecht, Zambrano eta Zizek-en testuetatik abiatu dira Horman Poster taldeko kideak; taldeko hausnarketa luze baten emaitza da obra.

Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro aktoreek antzezten dute obra, Igor de Quadraren zuzendaritzapean.

Azkenik, azaroaren 10ean, lan berria estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian, Souvenir komedia estralurtarra antzezlana, kolonialismo estralurtarraren eta turismo espazialaren gaineko gogoeta.

Informazio gehiago, hemen.