“Orainmenean”, ikus-entzulez betetako genealogia feminista posible baten kronika

Atzo burutu zen Hi(ZKI)bridoak zikloaren udazkeneko lehendabiziko hitzordua: Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean ikuskizuna aurkeztu zuen jendez gainezka zegoen Euskararen Etxeko Berba aretoan, izan ere, gonbidapen guztiak banatu ziren ia astebete lehenago. Halere, bertaratu ez zirenek saioa streaming bidez ikusteko aukera izan zuten, Euskararen Etxeko Youtube kanalean.

Txakur Gorriak taldeak estreinakoz oholtzaratu zuen atzo Orainmenean. Kolektiboko kideek bertsoak eta ilustrazioak uztartu zituzten bertsolaritzaren “genealogia feminista posible” bat josteko xedearekin: iraganak itotako emakume bertsolariak “erreskatatzea” eta egungo emakume bertsolariei “elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea”.

Horretarako ilustrazioekin osatutako erakusketa integratu zuten atrezzoan. Horrekin batera, ahaztutako emakumeei buruzko informazioa eta sortutako ilustrazioak liburuxka batean jaso zituzten. Hala, Amaia Agirre gai-jartzaileak ilustrazio eta liburuxkako informazio hori abiapuntutzat hartuta jarri zituen gaiak. Bertaratutakoek liburuxka erosteko aukera ere izan zuten.

Saio mamitsua izan zen, gogotik jo zituzten txaloak bertaratutakoek eta barre algaretarako tartea ere eskaini zuen saioak. Agirrek jarritako ariketa eta erronkei gogotsu erantzun zieten bertsolariek eta urteetan itzalean egondako emakume bertsolari batzuengana gerturatzeko aukera bikaina izan genuen. Amaieran entzulea ere jokoan sartu zuen gai-jartzaileak nor da nor jolasa eginez. Bartrak azken agurrean esan bezala: “Nor da nor berdin zaigu, guztiok gara nor”

Bigarren hitzordua, “Anfetamiña”

Hi(ZKI)bridoak zikloko hurrengo zita Muga taldeak aurkeztuko du, Anfetamiña, urriaren 22an, 19:30ean. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. Mugaren ekitaldia ere streaming bidez emango da.

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen gazteentzako sakontze bertso eskola, Euskararen Etxean

Bizkaiko bertsolari gazteek hilean behin bertso eskola osagarria jasotzen ari dira Euskararen Etxean.

“Urria eta maiatza bitartean, hilean behin, bertsogintzari lotutako hainbat alor lantzeko aukera izango dute gazteek Onintza Enbeita Maguregik gidatutako ordu biko saioetan. Guztira zortzi saio izango dira, eta Enbeitarekin batera, beste hainbat adituk ere parte hartuko dute”

Saio horietan, 17 eta 23 urte bitarteko gazteak parte hartzen dute, eta besteak beste gaia hauek jorratzen dituzte: “Zerk ematen digu beldurra oholtzara goazenean?; Noiz sentitzen gara eroso eta noiz ez? Zergatik?; Ahotsaren mugak; Zelan hurbildu esan gura dugun horretara; Librean egiteko zailtasunak; Umorea”.

Informazio gehiago: bertsozale.eus.

“Buztinezko Etorkizunak” abiatuko du Hi(ZKI)bridoak zikloa

Ostegunean hasiko da Bilbon dagoen Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak zikloa, Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak ondutako Buztinezko Etorkizuna ekitaldiarekin batera, 19:30etik aurrera. Egitarauak literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko bost ekitaldi biltzen ditu.

“Kolapsologoek aipatzen duten munduaren leherketa hurbila dauka ardatz Itxaro Bordaren idazkiak. Kutsadura, gaixotasunak, errepresio soziala, naturaren menderaketa osoa: gure altzairuzko, beirazko eta burdinazko planeta zati honen etorkizuna buztinezkoak baizik ez balitz funtsean? Idazlearen ahots apokaliptikoari sakontasuna ematen dio Ibon RG musikari ospetsuaren Korg sintetizadorearen auhen elektroniko kasik humanoak”.

Hi(ZKI)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean. Mutazioak kaltegarriak izan daitezke izakiontzat, baina ezinbestekoak dira gure existentziarako. Mutaziorik gabe ez legoke aldaketarik, eta aldaketarik gabe ez dugu eboluzionatzen.

Hauexek dira Hi(ZKI)bridoak zikloan bildutako beste lau ekitaldiak: martxoaren 25ean, Muga, Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa; apirilaren 23an, Bertso saio literarioa, Mari Luz Esteban, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio; maiatzaren 15ean, Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa, eta Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; azkenik, maiatzaren 28an, Orainmenean, bertsolaritzaren genealogia feminista, Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren eskutik.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak antolatu dute egitasmoa, Booktegi, Loraldia eta Lanku erakundeekin lankidetzan.

Katixa Agirrek “Festa gonbidatuak” saioa aurkeztuko du Euskararen Etxean

Booktegik zuzeneko ekitaldiak onduko ditu Euskararen Etxean, Azkue Fundazioaren laguntzarekin. Ekitaldiak irekiak izango dira, nornahi gerturatu ahalko da ekitaldietara, eta Booktegik grabatu egingo ditu, gero bere plataforma digitalean argitaratzeko. Guztira lau ekitaldi ondu ditu Booktegik Bilbon kokatutako Euskararen Etxean.

Festa gonbidatuak izenburuko ekitaldia izango da lehena, 19:30ean, ostegunean, otsailaren 20an.

Katixa Agirrek Festa gonbidatuak ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”. Katixarekin batera, Ana Moralesek ipuin bat irakurriko digu.

Wikipediaren arabera, Katixa Agirre Miguelez (Gasteiz, Araba, 1981eko urriaren 27a) euskal idazlea da. Literaturaren, kazetaritzaren eta blogen arloetan dihardu. Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea da, eta EHUn irakasle. Atzerriko hainbat unibertsitatetan ibili da ikerlari, baina egun Bilbon bizi da.

Orain arte arte bi eleberri idatzi ditu, Atertu arte itxaron (Elkar, 2015) eta Amek ez dute (Elkar, 2018), 2016ko Zubikarai beka. Bigarren hori gaztelaniara itzuki dute oraintsu, eta oso harrera ona izaten ari da irakurleen artean. Horrekin batera, haur eta gazte literaturan eta ipuingintzan ere aritzen da.

Euskararen Etxeko zerbitzuez baliatzeko aukera zabalagoa

Bilbon kokatutako Euskararen Etxeak hamaika nobedade aurkeztu ditu gaur goizean. Duela 14 urte eratu zen Euskararen Etxea, eta egun eraberritze prozesu batean murgilduta dago.

Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak azaldu dituzte nobedadeen nondik norakoak.

Hasteko, Euskararen Etxeak bere ordutegia handitu du. Egun, astelehenetik ostiralera, etxea 8:00etan zabaltzen da eta 20:00etan ixten da. “Leiho zabalago bat euskara sustatzen ari diren eragileentzat”, nabarmendu du Iurdana Acasusok. Euskararen inguruan diharduten eragileek, hain zuzen, aukera handiagoa izango dute Euskararen Etxean dauden lau aretoak erabiltzeko, besteak beste, jardunaldiak antolatzeko, aurkezpenak egiteko edo batzarrak egiteko.

Aretoetan, halaber, hainbat obra burutu dira, gune horiei ahalik eta probetxu gehien ateratzeko asmoz. Obra horiek lehenengo solairuan egin dira, besteak beste, egokitutako komuna egin da eta soinu-ekipamendu berria instalatu da.

Horrekin batera, Euskararen Etxean dagoen euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programa ere berritu da. “Ikastolen Elkartearekin lankidetzan ondu dugu”, azaldu du Acasusok.

Udan obren bigarren fasea hasiko da: bigarren solairuko obrak egingo dira, eta datorren urtean, hirugarren solairuko lanak hasiko dira, hain zuzen, Lantegi Kooperatiboari dagozkion berrikuntzak. Egun erakunde hauek ari dira lanean  coworking gune horretan: Azkue Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 111 Akademia eta Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI).

Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak eskuragarri daude www.euskararenetxea.eus webgunean. Oraintsu sareratu den webgune berria da, eta bertatik Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak kudeatzen dira.

Hi(ZKI)bridoak egitaraua

Euskararen Etxeak, halaber, Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatuko du otsailetik maiatzera bitarte; kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu; Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, besteak beste. Ekimenean hainbat eragilek parte hartu dute: Booktegi, Lanku eta Loraldia.

Bost ekitaldi biltzen ditu eta hiru estreinuak izango: Muga Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa; Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, Anari taldeak zuzenekoa joko du; eta azkenik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak aurkeztuko duen Orainminean ikuskizuna, artea eta bertsolaritza batzen dituen bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat.

Lehenengo ekitaldia otsailaren 27an egingo da, Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda irakurketan, Ibon RG musikan Booktegirekin lankidetzan. Hi(ZKI)bridoak zikloak bosgarren ekitaldi bat ere jasoko du, bertso saio literarioa: Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza.

Katixa Agirrek, Euskararen Etxean

Azkenik, eta Booktegik antolatuta, ostegunean, Katixa Agirrek Festa gonbidatua ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”. Ekitaldia 19:30ean hasiko da eta irekia da. Booktegik beste hiru ekitaldi onduko ditu Euskararen Etxean.

Katixa Agirre, “Xerezaderen Festa” eta “Zutabegileen hirukotea”, Euskararen Etxean

Booktegik zuzeneko ekitaldiak onduko ditu Euskararen Etxean, Azkue Fundazioaren laguntzarekin. Ekitaldiak irekiak izango dira, nornahi gerturatu ahalko da ekitaldietara, eta Booktegik grabatu egingo ditu, gero bere plataforma digitalean argitaratzeko. Guztira lau ekitaldi ondu ditu Booktegik Bilbon kokatutako Euskararen Etxean.

Festa gonbidatuak izenburuko ekitaldia izango da lehena, otsailaren 20an. Katixa Agirrek Festa gonbidatuak ipuin-bildumaren solasaldi-emanaldia egingo du. Booktegik halaber, liburu hori argitaratuko du egun berean bere plataforman. “Agirrek ipuinetako bat bizpahiru zatitan irakurriko du; etenaldietan, idazle edo kazetari batek galderak egingo dizkio Katixari; bukaeran, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute”.

Maiatzaren 8an, Xerezaderen Festa egingo da: “Booktegin hiruzpalau ipuin argitaratuko ditugu bilduma berean. Azala Idoia Beratarbidek egingo du. Ipuinak Xerezaderen Artxibokoek hautatuko dituzte, eta Xerezaderen Artxiboko kideek ekitaldian irakurri egingo dituzte”.

Maiatzaren 14an zutabegileen txanda izango da, Zutabegileen hirukotea: Jose Mari Pastor, Onintza Enbeita eta Xabier Etxaniz Rojo zutabegile lanaz gogoeta egitera etorriko dira Euskararen Etxera.

Azkenik, urrian, Ipuin solasaldia izango da. Aurreko hiruzpalau asteetan hiruzpalau idazlek ipuin bana plazaratuko dute Booktegin. Ipuin bakoitzak enbata hitzari edo kontzeptuari erreferentzia egingo dio nolabait. “Solasaldian idazle bakoitzak bere lanaren inguruan baita besteen gainean ere hitz egingo du. Formatu hau interesgarria izateaz gain, berritzailea izango da”.

Ekitaldiok arratsaldean egingo dira, 19:30akm bueltan. Aurrerago zehaztasun gehiagorekin bueltatuko gara.

Hizkibridoak

Hi(ZKI)bridoak”, literatura mutanteak

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatuko du Euskararen Etxean, otsailetik maiatzera bitarte; kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu; Anarik, Itxaro Bordak, Ibon RG-k eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, besteak beste. Ekimenean hainbat eragilek parte hartu dute: Booktegi, Lanku eta Loraldia.

Egitaraua

Mutazioak kaltegarriak izan daitezke izakiontzat, baina ezinbestekoak dira gure existentziarako. Mutaziorik gabe ez legoke aldaketarik, eta aldaketarik gabe ez dugu eboluzionatzen. Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.

Buztinezko etorkizuna
Itxaro Borda irakurketan, Ibon RG musikan
Otsailak 27
19:30ean.

Kolapsologoek aipatzen duten munduaren leherketa hurbila dauka ardatz Itxaro Bordaren idazkiak. Kutsadura, gaixotasunak, errepresio soziala, naturaren menderaketa osoa: gure altzairuzko, beirazko eta burdinazko planeta zati honen etorkizuna buztinezkoak baizik ez balitz funtsean? Idazlearen ahots apokaliptikoari sakontasuna ematen dio Ibon RG musikari ospetsuaren Korg sintetizadorearen auhen elektroniko kasik humanoak.

Muga
Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa
Martxoak 25
20:30ean.

Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia…  

Bertso saio literarioa
Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza
Apirilak 23
19:30ean.

Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen du. Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da. Ahots mutazioak.

Habiak
Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, eta Anari taldeak Habiak joko du zuzenean
Maiatzak 15
19:30ean

Musika eta artea lotzen dituen ekitaldia da, zeina Anariren Habiak diskoaren inguruan ardazten den: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu –maiatzaren 30era arte izango da ikusgai-. Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; denbora zeharkatuko duten soinuak. Booktegik, halaber, erakusketari buruzko katalogo-argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.

Orainmenean
Txakur Gorria Sormen Kolektiboa
Maiatzak 28
19:30ean

Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai.

Bilboko “Ikusi eta Ikasi” egitarauko hiru ekitaldi Euskararen Etxean egingo dira

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleon Topaguneak ondutako ekimena da “Ikusi eta Ikasi” zikloa, zeinak euskara eta aisialdia biltzen dituen. Familia eta gaztetxoentzako, 4 eta 10 urte bitartekoentzat, ekitaldiz osatutako egitaraua da, eta Bilboko hamaika auzotara iritsi ohi da. Aurtengoa 16. edizioa izango da eta otsailetik maiatzera bitarte egingo da. Bada, egitarau horren baitan jasotako hiru ekitaldi Euskararen Etxean egingo dira.

Otsailaren 14an, Ixabel kontalaria izango da, 18:00etatik aurrera. Ixabelek ipuinak eta irudiak uztartuko ditu Irudipuinak ikuskizunean.

Martxoaren 6an, halaber, Mozorro Mitologikon Tailerra egingo da, 17:15en eta 18:30ean: “Mozorro mitologikoak prestatuko ditugu goma ebarekin, kartulinarekin eta beste material batzuekin: Sorginaren txanoa, Akerren adarrak, Mari Teiletakoren hegalak, Tataloaren begia, Ilargi, Eguzkia, Herensugea… Eta guztion artean Akelarre bat egingo dugu!”.

Apirilaren 24anbirziklatutako musika tresnen inguruko tailerra egingo da, 18:00etatik aurrera. Koloredun maraka “dibertigarriak” egiteko tailerra izango da. “Horrela, gure ukitu musikala eta beste erritmo batzuk uztartuko ditugu”. Horretaz gainera, Den Den Daiko izeneko Japoniako danborra egiteko aukera ere izango dute umeek. “Bi aurpegiko danborra da, zarata sakona eragiten duena”.

“Ikusi eta ikasi programaren bitartez, euskararen erabileran urrats bat gehiago eman nahi dugu, hain zuzen ere, euskara aisialdi eta gozamenarekin uztartzearena”. Hori horrela, aurtengo programak bi aukera eskainiko ditu: familian (4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, haien gurasoek lagunduta)  edo lagunartean (8 eta 10 urte bitarteko gaztetxoak, helduen laguntzarik gabe) lagunekin parte hartzeko.

Ekitaldietan parte hartzeko izena eman behar da aurretik.

Topaguneak ikuskizunak eta tailerrak sustatzeko webgunea abiatu du

Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko formatu txikiko ikuskizunak eta tailerrak sustatzeko webgunea abiatu du.

Topaguneak jakinarazi duenez, online bidezko katalogoaren helburuak hauexek dira:

“Sortzaileon lanaren erakusleiho zabala sortu eta plazak zein aukerak lortzeko erraztasunak eskaintzea, dohainik; sortzaile zein ikuskizunen inguruko berriztapenak, aldaketak, informazioa… txertatzea erraztuko duen formatu dinamikoa sortzea; zuen bezero izango diren Elkarteen beharrei modu zuzenago eta argiago batean erantzutea; eta, azkenik, Euskal Herriko txoko guztietara modu arinean helduko den sortzaile plataforma sortzea”.

Hartara, sortzaileek izena eman dezakete webgunean, haien “lan aukerak zabaltzeko” asmoz. “Denon artean katalogo aberats eta oparoa osatuko dugu, Euskal Herriko plaza eta eszenatoki ezberdinetan lan egiteko aukera emango dizuen plataforma zabala sortuz”.