“Kafea eta Galletak” musika saioa bueltan da

Kontzertua eta disko entzunaldia biltzen dituen Kafea eta Galletak ekimena Gernikako Astra eraikinera itzuliko da urtarrilaren 2an, 17:00etatik aurrera.

Saioan J Martina hirukoteak joko du, baina aurretik talde horrek aukeratutako Dellafuente egitasmoaren Descanse En Poder diskoaren entzunaldia izango da, Kafea eta Galletak saioak bi jarduera biltzen baititu, batetik, talde baten zuzenekoa, eta bestetik, talde horrek hautatutako disko kutun baten entzunaldia.

“2020ko taldea da J.Martina. 2020an eman dituzte argitara lehenengo kantuak. 2020an sareratu bideoklipak. 2020an eman dituzte kontzertu guztiak. 2020ko diskoa aukeratu dute entzunaldirako, Dellafuenteren azkena. 2020a atzean utziko dugu. 2020ko bi gauza handi entzunez”.

Itsaspeko alemaniarrak eta Athleticen golak, Munduko Lehen Gerran

Mikel Begoña gidoilariak eta Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak, biak ala biak bizkaitarrak, hainbat komiki argitaratu dituzte Espainiako Norma argitaletxearekin, besteak beste, Ötzi-ren trilogia, Tristísima ceniza eta El pico de los cuervos. Halaber, azaroan, euskarazko Helize plazaratu du bikoteak Harriet argitaletxearekin.

Borja Crespo adituak 2020ko komiki onenen artean paratu du Helize: “Euskal tandemak album berri bat argitaratu du, bereziki irakurle bizkaitarrei interesatuko zaiena. Felix Gorostola ontzi-jabe eta filantropoaren Artaun lurrun-ontzia Glasgow hirira doa Lehen Mundu Gerran. Lehia biziko bi talderen arteko futbol-partida handia, Athletic eta Arenas, ke-gortina izango da operazio sekretu baterako”.

Iñigo Astiz kazetari eta idazleak ere komiki horren inguruko erreportaje interesgarria argitaratu du Berria egunkarian: “`Ze kristo?´. Itzal zehaztugabe erraldoi bat ontzi azpitik pasatzen igarri du lehenik arrantzaleak Plentziako badian (Bizkaia). `Balea ote da?´. Baina olatu batzuk altxa dira berehala, eta zarata mekaniko bat hasi da gero. `Rururururururu´. Urari begira dago jadanik. `Ru?´. Eta, ohartzerako, ia lehertu dio ontzia itsaspeko alemaniarrak, matxuratutako helizea konpontzeko misio sekretuan azaleratu denean, baina hasierako sustoa gorabehera, sakonean, neurrikoa baino ez da arrantzalearen harridura. `Aditu, koño!! Ia-ia hondora bota nauzue!´”.

Honela dio erreportajearen beste zati batek: “Komikia ez da gerrari buruzkoa bakarrik; sasoiko klase gatazken berri ere ematen du lanak, esaterako. Baina, horrez gainera, neurri batean, liburua bada sasoi hartako futbolari egindako omenaldi bat ere”.

Borja Cresporen hitzak gogoratuz, 2020an plazaratu den komiki sendoenetakoa da.

“Ahots Baten” sormen topaketen 6. edizioa egingo dute egunotan

Ahots Baten sormen topaketa egingo dute gaur eta bihar, Azpeitiako Dinamoa sormen gunean. 20 gazte sortzaile elkartuko dira antzerkiaz, bertsolaritzaz, kantagintzaz eta literaturaz esperimentatzeko asmoz. Aurtengoa, seigarren edizioa izango da.

Hala, gaur, literatura eta bertsoa izango dituzte hizpide: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko du saioa, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak arituko dira

Bihar, halaber, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak parte hartuko dute; Agirrezabalak Satiro antzezlana aurkeztuko du.

“Gabonetako oporraldiak baliatuta egin ohi dugu Ahots Baten sormen egonaldia, 2015ean lehena egin zenetik. Sorreratik arrakasta handia izan du parte-hartzaileen artean, eta sortzaile gonbidatuak ere gustura geratu izan dira esperientziarekin”.

Informazio gehiago, hemen.

Euskal literatura, Bilboko metrora

Euskal Idazleen Elkarteak Irakurri, mesedez izeneko ekimena abiatu du hil honetan, Bilboko metroan. Kanpainak hiru ardatz ditu. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da kanpaina, Loraldiarekin eta MetroBilbaorekin elkarnanean.

Ekimenaren xedea da Bizkaiko idazleak sustatzea: bertoko sortzaileak sustatu nahi ditu. Horretarako Irakurri, mesedez kanpaina aurkeztu nahi dizuegu. Iñaki Friera, Irati Jimenez, Jon Gerediaga, Julen Gabiria, Karmele Jaio, Kirmen Uribe, Leire Bilbao, Lutxo Egia, Miren Agur Meabe, Nerea Arrien, Paddy Rekalde, Rafa Ugalde, Sonia Gonzalez, Unai Iturriaga, Yolanda Arrieta, Alaine Agirre, Amaiz Iturbide, Asel luzarraga, Goizalde Landabaso, Gotzon Barandiaran, Igor Estankona…

  • BilboMEtro erakusketa Portugaleten eta Sestaon. 2020ko abenduaren 10a bitartean.
  • Irakurri, mesedez kaxa. Material banaketa. Testuak jasotzen dituen argitalpen eta maskarak gordetzeko zorrotxoa. Abendua zehar banatuko dira Portugalete eta Sestaon.
  • Bideo sormen lanaren grabaketa. Arantza Ibarra zinemagilearen eskutik  ECCBI Zine eskolako kideekin eta Eneritz Artetxe aktorearekin. Azaroan grabaketa eta abenduan zabalkundea. Ahots grabazioetarako Bizkaia Irratiaren partaidetza ere izan dugu.

“Hizkuntza aniztasuna, zubi bat euskaratik” lelopean egingo da Topaldia

2021ko urtarrilaren 28an egingo da Topaldiaren edizio berria, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Jardunaldia Hizkuntza aniztasuna, zubi bat euskaratik izenburupean egingo da, hizkuntza aniztasuna jorratzeko asmoz.

“Aurten, hizkuntza aniztasunaren gaia dugu hizpide eta euskarak kohesiorako eta berdintasun sozialerako duen balioa landuko dugu”, iragarri du Euskaltzaleen Topaguneak.

Jardunaldian hainbat adituk parte hartuko ditu, besteak beste, Carme Junyent, Mario Zapata, Aizpea Otaegi eta Jasone Giraldo. Hartara, hamaika gai landuko dira; tartean, katalanaren etorkizuna, Errenteriako Udaleko eta Arrasateko Ekin Emakumeak Euskara Elkartearen esperientziak eta Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlanaren ondorioak.

“Euskarak harrera linguistikoan zein toki behar luke? Nola kudeatu bertako hizkuntza minorizatua, erdara hegemonikoak eta hizkuntza aniztasuna? Zein ikuspegirekin? 19. Topaldian galdera horiei erantzungo zaie, sona handiko adituak, ikerketa espezifikoak, herrietako esperientzia praktikoak eta protagonisten bizipenak jasoz”.

Eman izena!

“Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz” jardunaldia egingo dute Donostian

UEUren arabera, iazko jardunaldian, laugarrenean, arnasguneen prebentzioaren ikuspegia gainditu eta lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatu zituzten.

Bada, oinarri horiek garatu eta zehaztuko dituzte Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldian, zeina 2021eko urtarrilaren 23an egingo den, Donostiako San Telmon, 9:00etatik 14:30era.

Antolatzaileen arabera, “Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien aurreko edizioek zerbait agerian jarri badute, hori izan da, hizkuntza-politika egin egiten dela politika publiko guztietan, eta politika publiko guztiek badutela eraginik euskararen normalizazio prozesuan; kasu askotan, eragin kaltegarriak, gainera. Eragin hori bereziki nabaria da arnasgune euskaldunetan (euskararen lurgune geografikoak), euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi diren herriak eta auzoak izanik, politika publikoak ezartzen baitira horietan, kontuan izan gabe euskararen erabileran duten inpaktua eta, oro har, ezta hizkuntza kudeaketa ere”.

Informazio gehiago: https://labur.eus/etygR

Sormene euskal kulturari buruzko jaialdia hasiko da gaur Galdakaon

Euskal kultura eta emakumezko sortzaileak ardatz dituen Sormene egitaraua hasiko da gaur Galdakaon. Hilaren 20ra arte iraungo du eta hainbat ekitaldi bilduko ditu; tartean, musika emanaldiak, bertso saioak, literatur saioak, tailerrak eta hitzaldiak.

Egitasmoa estreinakoz egingo da eta bost helburu ditu: Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak; euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak; Kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea; sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea; eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea. Gainera, Sormene proiektuaren bereizgarria izango da, eta emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzea ere helburu izango ditu.

Jaialdiak bi gune izango ditu, fisikoa Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, eta birtuala sormene.eus webgunea. Horrekin batera, Berria egunkaria saio guztiak emango ditu webgune honetan.

Hauek dira jaialdian jasotako ekitaldi batzuk: gaur, bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu Erradikalak ginen obrak, Ane Labaka eta Beatriz Egizabalekin. Bihar, literatura errezitaldia izango da Lizar Begoña, Leire Bilbao, eta Miren Agur Meaberekin. Asteazkenean, Tripa Kolektiboak Urruna antzezlan aurkeztuko du. Ostegunean, Kirats Teatroa  konpainiak Mariage d’Amour dantza eta antzerki emanaldia taularatuko du. Ostiralean, Emakume sortzaile euskaldunak egungo kantagintzan (trap, rap, hip-hop, reggetoia), J.Martina, Haizea eta Ningra eta Kai Nakai musikariekin. Larunbatean, Eñaut Elorrietak Irteera argiak aurkeztuko du, eta igandean, Aiko dantza taldea arituko da.

2020ko hamarkadako hedabideetako euskarazko komunikazioa aztergai “Bat” aldizkarian

Bat Soziolinguistika Aldizkariaren 115. zenbakian, 2020ko hamarkadako hedabideetako euskarazko komunikazioa jorratzen da. Zenbaki berrian, honako artikulu hauek bildu dituzte:

  • Josu Amezaga: Euskarazko komunikazioa lau hamarkada eta gero: irakurketa kritikoa
  • Igor Astibia: Herri ekimeneko euskal hedabideak aurrera begira. Gogoeta baten lehen pausoak
  • Libe Mimenza, Bea Narbaiza, Edorta Arana: Koronabirus pandemia eta online portaeren aldaketak (euskal) ekosistema mediatikoan
  • Enric Marín i Otto: Iraultza digitala eta ikus-entzunezko egungo zerbitzu publikoa: hizkuntza eta subiranotasun kulturala. Katalan eta euskal kasuak
  • Leire Palacios, Lorea Arakistain: Komunikazioa eremu digitalean: daukaguna eta datorrena
  • Elixabete Garmendia: Komunikazioa inkomunikazio bihurtzen denean

EHUko 2020ko Uda Ikastaroen barnean Euskal Herriko Unibertsitateko Behategiak antolatutako Euskarazko komunikazioa 2020KO hamarkadako hedabideetan bildutako ezagutza da aldizkari berriarenmuina. “Ikastaro horren helburu nagusia ez zen soilik zenbait adituren irakaspenak entzutea baizik eta solasaldietan oinarrituta euskarazko komunikazioari buruzko gogoeta partekatua egitea”.

“Hi(ZKI)bridoak” egitarauak oso harrera ona izan du

Literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak zikloa atzo amaitu zen Euskararen Etxean egindako Bertso Saio Literarioarekin. Jendez betetako Berba aretoan, Mari Luz Esteban idazleak eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek parte hartu zuten. Saioa halaber, streaming bidez ere eman zen.

Ekitaldiek oso harrera ona izan dute; hortaz, datorren urtean jarraitzea erabaki dugu. Hartara, 2021ean, Hi(ZKI)bridoak egitaraua itzuliko da, ahozkotasunetik eta letretatik abiatutako mutazio berriekin.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak hi(ZKI)bridoak zikloa abiatu zuen iragan otsailean Euskararen Etxeko irudi berria sustatzeko asmoz.

Guztira lau ekitaldi egin dira. Lehenengoa otsailaren 17an burutu zen, Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda irakurketan eta Ibon RG musikan. COVIDak eragindako pandemiaren ondorioz, gainerako ekitaldiak urritik abendura bitarte egin dira: Orainmenean, Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren eskutik; Muga musika-taldearen Anfetamiña ikuskizuna; eta atzo burututako Bertso Saio Literarioa. Bidean gelditu da berruiz, Habiak egitasmoa, osasun-egoera tarteko. Ezinezkoa izan da tamaina horretako ekitaldia ganoraz egitea Anariren kontzertua eta Habiak diskoan oinarritutako arte-erakusketa kolektiboa biltzen baitzituen. Dena den, Habiak datorren urtean egiteko asmoa dugu, Booktegirekin lankidetzan.

Ekitaldi gehienak streaming bidez eman dira, beraz, Euskararen Etxeko Youtube kanalean ikus ditzakezue.

Kasu guztietan, aretoa bete egin da, eta harrera sekulakoa izan da. Honenbestez, mila esker gerturatu zareten guztioi, eta jakinarazi nahi dizuegu 2021ean Hi(ZKI)bridoak egitarauak mutatzen jarraitzeko asmoa duela. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Lanku, Loraldia eta Booktegiri bidean lagun mutante izan ditugulako.