“Euskararen Interpretazio Zentroak datu objektiboak eta emozioak trebetasunez uztartzen ditu”, Aingeru Aroz hizkuntzalaria

2025-11-28

Ezkerretik eskuinera: Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendaria, Aingeru Aroz hizkuntzalaria, Eva Tuneu Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketaren komisarioa eta Julen Azpitarte Euskararen Etxeko komunikazio arduraduna.

Aingeru Aroz Tokion kokatutako Sofia Unibertsitateko (Tokio, Japonia) Hispaniar Ikasketen Saileko irakasle titularra da. Bilbon jaioa, Japoniara joan zen graduondoko ikasketak egitera, beka bat tarteko. Doktoretza bukatu ondoren, Tokioko unibertsitate batean lana aurkitu, eta harrezkeroztik bertan bizi da. Ikerlari gisa, soziolinguistika eta hizkuntzaren ikaskuntza-irakaskuntzaren arloetan lan egiten du. Euskararen Etxeko Interpretazio Zentrora etorri da bere ikerlanean gure egitasmoa txertatzeko asmoz. Halaber, ez dugu Aroz elkarrizketatzeko aukera galdu.

Zerk ekarri zaitu Euskararen Etxera?

Unibertsitatean hizkuntza gutxituei buruzko ikertalde bat dugu eta, zenbait irakurketa eta solasaldiren harira, hizkuntza gutxituen eta museoen arteko harremana aztertzea erabaki genuen. Euskararen Interpretazio Zentroa berehala etorri zitzaidan gogora. Hizkuntzak neurri handi batean ukiezinak dira, unean uneko hitzez osatuak, iragankorrak: nola atzeman eta errepresentatu hizkuntza Euskararen Interpretazio Zentroa bezalako gune espazial batean? Nolako ekarpena egin dezakete Euskararen Interpretazio Zentroa bezalako erakundeek hizkuntza gutxituen alde? Tankera horretako galderek bultzatuta etorri nintzen.

Euskararen Interpretazio Zentroaren harira, zer nabarmenduko zenuke?

Zentroak hautatutako norabidea oso interesgarria iruditzen zait: euskara bizi-bizirik aurkeztea. Zentroa hizkuntza ondare jakin baten biltegi edo gordailu hutsa ez izatea, euskararen bizi-indarra ulertzeko gonbidapena baizik. Euskararen munduan emakumeek duten ezinbesteko papera lehen planoan jartzeko ahalegina. Erakusketa osoan zehar goza daitezkeen umore eta poesia zipriztinak.

Hizkuntza gutxitu bati buruzko zentro batek ze ekarpen egiten dio hizkuntzari berari?

Horixe da nire ikerketa galderetako bat. Euskararen Interpretazio Zentroa bezalako erakundeek, besteak beste, hizkuntza gutxituei ikusgarritasuna eta prestigioa eman diezaieketela azpimarratu dute ikerketek. Aldi berean, hizkuntza gutxituak “esentzializatzeko” arriskua ere aipatu da; hau da, hizkuntza horiek bizimodu tradizionalari soilik lotuz, ikuspegi mugatu eta murriztailea emateko.

Eta gure kasuan, zure ustez, Euskararen Interpretazio Zentroak ze ekarpen egiten dio euskarari?

Erantzuna luzeegia izan ez dadin, bi ekarpen aipatuko ditut. Alde batetik, Zentroak euskararen irudi poliedrikoa marrazten du: hizkuntzaren beraren aniztasuna, euskararen aldeko gizarte mugimenduen konpromisoa, euskararen egitura eta historia, askotariko hiztunen testigantzak… Bisitariari euskararen paisaia konplexua eskaintzen dio, ñabarduraz betea. Bigarrenik, Zentroak datu objektiboak eta emozioak trebetasunez uztartzen dituela iruditzen zait. Hizkuntzen alde (edo aurka) egiten ditugun hautuak ez dira arrazoibide hotz eta abstraktu hutsen emaitzak; kontrara, hizkuntzek hiztunontzat duten garrantzia ulertzeko berebizikoa da gure “arrazoi emozionala” ere aintzat hartzea. Nire ustez, Zentroaren lorpenetako bat dimentsio horri aitortza egitean datza: bisitariarentzat bizipen bai intelektuala bai emozionala izatea, alegia.

Zure ikerketan antzeko zentrorik ezagutu duzu?

Ez dut oraindik bisitatzeko aukerarik izan, baina badira munduan zehar hizkuntza jakin bati edo hizkuntza aniztasunari buruzko hainbat museo. Hizkuntza gutxituetan ardaztutako erakunde gisa, Italiako iparraldean dagoen Hizkuntza eta Kultura Okzitaniarraren Museoa, edo Hegoafrikan kokatutako Hizkuntza Afrikaansaren Museoa existitzen dira – baita Vienako Esperantoaren Museoa ere.

Aingeru Aroz hizkuntzalaria

Hizkuntza gutxituen presentzia nolakoa da, oro har, zentro museistikoetan? Nola kokatzen dira bestelako hizkuntza normalizatuekiko?

Gure ikertaldean euskaraz gain hiru hizkuntza lantzen ari gara: Japoniako iparraldean hitz egiten den ainuera; Frantzia, Suitza eta Italian hitz egiten den frankoproventzera; eta Alemanian hitz egiten den sorabiera. Nik neuk, Euskararen Interpretazio Zentroaz kanpo, Ipar eta Hego Euskal Herriko kultura eta antropologia museoak ere aztertzen ari naiz. Orain arte zenbait joera identifikatu ditugu. Esate baterako, tokian tokiko hizkuntza politikek eragin handia dute: hizkuntza gutxituek zenbat eta babes legal gutxiago izan, orduan eta presentzia urriagoa dute museoetan. Beste faktore bat hizkuntzei buruzko diskurtsoak dira. Gizartean hizkuntza gutxitu jakin baten inguruan dauden iritzi eta jarrerak museoetan isla daitezke, adibidez hizkuntzaren erabileran edo hizkuntza errepresentatzeko eran.

Japonian bizi zara aspalditik, nolakoa da bertako errealitate linguistikoa?

Hizkuntza aniztasun handia dago. Alde batetik, ainuera (iparraldeko Hokkaido uhartean), hizkuntza familia ryukyuarra (hegoaldeko Ryukyu uhartedian), eta japonieraren beraren hainbat dialekto daude. Babes legal eta sozial mailari dagokionez desberdintasun handiak izan arren, den-denek historia aberatsa eta luzea dute – eta hiztunen, aktibisten eta gobernuaren sostengua izanez gero, etorkizun oparo eta itxaropentsua ere izan dezakete. Bestalde, atzerritik etorritako biztanleen kopurua gero eta handiagoa da eta, Euskal Herrian bezalaxe, gure bizilagun berriek beren hizkuntzak dakartzate. Gure erronketako bat: aberastasun horren balioa ere aitortu eta babestu ala ez pentsatzea.