Ikuspegi transfeministak itzulpengintzan gehitzeaz arituko dira bi ikastarotan, Donostian eta Bilbon

2024-09-19

Itzulpena ez da neutrala, itzultzailea ere ez. Ikuspegi transfeministak itzulpengintzan txertatzeaz izenburuko ikastaroa ondu du EIZIEk Donostiako Euskaltzaindiaren egoitzan,  urriaren 8an eta 9an, eta Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, urriaren 22an eta 23an.

Ikastaroan hainbat kontu izango dituzte hizpide: “Zer egin, esaterako, erdaraz genero jakin bat daukan hitz bat euskarara ekartzean, generoa markatu ala bere horretan utzi? Berdin jokatzen ote dugu genero markatu hori maskulinoa edo femeninoa denean? Ba ote dugu aski baliabide eta aski kontzientzia betiko bereizketa binarioetan erori gabe (seme-alaba, anai-arreba, aitona-amona) modu inklusiboago edo ez-binarioago batean itzultzeko?”

Ikastaroaren lehenengo saio Danele Sarriugarte Mochalesek zuzenduko du, eta bigarrena, Aiora Jaka Irizarrek. “Danele Sarriugartek auzi hauen inguruko hainbat teoria eta gogoeta jorratuko ditu, eta, bigarren saioan, Aiora Jakak zenbait adibide eta ariketa praktiko ekarriko ditu, partaide guztion artean eztabaidatuz ahalik eta irtenbide asebetegarrienak aurkitu ditzagun”.

Izena emateko epea irailaren 25ean amaituko da.

Informazio gehiago, hemen.