Euskarak eta euskaldunek bizitako jazarpenari buruzko “Bizkarsoro” fikziozko filma estreinatuko dute

2024-01-11

Altsasun, Baionan, Donibane Garazin, Durangon, Gasteizen, Maulen eta Tolosan pantailaratuko dute pelikula asteburu honetan; XX. mendean, Bizkarsoro udalerrian euskaldunek jasandako jazarpena kontatzen du filmak.

Josu Martinez zinegileak, -orain arte bederatzi dokumental luze filmatu ditu-, zuzendutako fikziozko lana da Bizkarsoro. “Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira Bizkarsorotarrak”

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istorioren inguruan ardazten da kontakizuna. “Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna”.

Argia aldizkariko Gorka Peñagarikano Goikoetxeak honela iruzkindu zuen: “Bizkarsoro herri euskalduna da, jendearen joan-etorririk eta populazioaren nahaste handirik apenas bizitu duena iraganean. Lehen Mundu Gerran frantsesen bandoan borrokatu beharko du lehenik, eta nazien inbasioa jasan gero. Finean, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartuta ikusiko du bere burua. Programaturik dago bere heriotza, arriskuan dago, eta ondo pentsaturik egingo zaio eraso, baina pronostiko guztien kontrara, eutsi egingo dio. Eta hiltzekotan ere, badaki, autopsiarako frogak utzita hilko dela.”

Filmari buruzko informazio gehiago, hemen.