2023ko Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzako epaimahaia bildu zen iragan abenduaren 13an, laguntza ebazteko asmoz. Bada, aurten, epaimahaiak erabaki du laguntza hutsik uztea.
Bi proposamen aurkeztu dira, eta epaimahaiaren iritziz, ez batak ez besteak ez ditu laguntzaren oinarriak eskatzen dituen irizpide eta baldintzak bete.
Horiek horrela, aurten ez da 3.000 euroko saria jasotzen duen Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako 2023ko Hi(ZKI)bridoak laguntza emango.
Bost kidek osatu dute epaimahaia: Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak.
Aurtengoa laguntzaren hirugarren edizioa izan da. Aurreko urteetan hauexek izan dira laguntzaren hartzaileak: 2021ean, Mejillon Tigre kolektiboak aurkeztutako Hitz Esana ikuskizuna, eta 2022an, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hau gerra bat da ikuskaria.