Walt Whitman eta William Butler Yeats poeten antologiak argitaratuko dituzte Munduko Poesia Kaierak bilduman. Bi ale berri horiek ostegunean, apirilak 7, aurkeztuko ditu Susa argitaletxeak Donostiako Konstituzio plazako liburutegiko 2. Solairuan, 12:00etatik aurrera.
Whitman-en lana Josu Goikoetxeak itzuli du, eta Butler Yeats-ena, berriz, Juan Kruz Igerabidek. Biak ala biak aurkezpen-ekitaldian izango dira bildumaren editoreekin batera: Isabel Etxeberria Ramírez eta Maialen Berasategi Catalán.
Susaren arabera, “Walt Whitman (1819-1892) Ameriketako Estatu Batuetako XIX. mendeko poeta gorena, Emily Dickinsonekin batera: horra hor, askorentzat, Walt Whitman. Transzendentalismoaren ordezkari petotzat jo ohi dute: izadiaren eta gizakiaren batasuna, eguneroko gauza soilen jainkozkotasuna, naturaren joria eta orobiltasuna, norbanakoen eta munduaren ontasuna… eta, tasun horiek guztiak blaituz, zelebrazioa: haragiaren eta espirituaren uztarduraren ospakizuna, aberriarena eta demokraziarena, giza gogoarena, adiskidetasunarena, maitasunarena (gizonen artekoa sarri), mikatzean ere irautearena, giza bizileku eta bizigai den ingurunearena. Funtsean, doinu zabal bat biziari. Josu Goikoetxeak egin du itzulpena”.
William Butler Yeats (1865-1939), ostera, Irlandar Literatur Pizkundearen sustzaileetako bat izan zen. “Bere proposamen poetikoengatik ez ezik antzerkiaren alorrean egindako ekarpenarengatik ere. Irlandako bardoa da Yeats, eta halaxe ulertu zuen berak ere bere rola. Antologia honek, lehen aldiz, Yeatsen gai eta obsesio errepikatuenen bilduma osotu bat eskaintzen du: irlandar folkloreko kantu eta elezahar berreskuratu eta eguneratuak, mitologia zeltako heroiak eta haien balentriak, Maud Gonne iraultzaile independentista eta Yeatsen musa idealizatuari behin eta berriro egindako aipamenak, orduko gertakari politiko esanguratsuenen irakurketak, zahartzeari buruzko gogoetak, mistizismoaren bidezko espiritualtasun zaharberritu baten bilaketa…”.