Gaur hasiko da Korrika Amurrion

2022-03-31

Amurriotik abiatuko da gaur 22. Korrika eta  Donostian amaituko da apirilaren 10ean. 2.500 kilometroko korrikaldia Hitzekin lelopean egingo da, eta antolatzaileek ekintzara pasatzeko aldarria zabaldu dute.

“Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak.

Beraz, ohar zaitez badugunaz, bagarenaz eta izango garenaz. Hitza emana duzu; orain, egin jauzi ekintzara. Euskara ahoan izan behar dugu herritarrok, elkarteek, erakundeek… Bada ekiteko ordua”.

Apirilaren 6an pasatuko da Korrika Bilbotik, eta Euskararen Etxeak eta bertako Lantoki Koperatiboko gunean ari diren eragileek Deustuko zubiaren azpian dagoen Botikazar BHI zentroan hartuko dute lekukoa, 19:55ak aldera.

Aurten, halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo hirukote ezaguna omenduko du Korrikak: “34 urteko ibilbidea egin dutelako euskal munduan, eta, are garrantzitsuago, euskaraz; eta eragileak direlako, orainaldiari eta etorkizunari begira daudenak. 1987an EKIN zioten, haiei esker askok EKIN diogu, eta datozen belaunaldiek ere EKINgo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren HITZEKIN, euskarari EKIN zioten, eta eutsi egin diote”.

Horrekin batera, hainbat jardueraz osatutako Korrika Kulturala egitaraua ere ondu dute antolatzaileek.  Azkenik, Korrika zuzenean jarraitu ahal izango da hemendik.