Oihana Aranak “Lazunak azkazaletan” poema liburua plazaratu du

2021-04-21

Oihana Arana idazleak Lazunak azkazaletan izeneko poema liburua argitaratu du Susa argitaletxearen poesia sailaren baitan.

Liburua apirilaren 26an aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Ekitaldia streaming bidez ere zabalduko da: https://meet.jit.si/susa 

Lazunak Azazkaletan Susa argitaletxearen poesia saileko 83 zenbakia da, eta 104 orrialde biltzen ditu. Hau da bere sinopsia: “Fikzioaren apologia batekin abiatzen da Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan poema liburua, gogorarazten diguna ez dugula idazlearen bizitzarik irakurriko orrialdeotan, orpoetako arrakaletan zer ezkutatzen duen jakin nahi duenak jai daukala. Jakin-minetik ari zaigun ahots bat irakurriko dugu poema hauetan, hain zuzen ere, eta erreparatuko die -sarri ironikoki- gizarteari, zeruko elementuei, harreman sozialei, habitatzen gaituzten espazioei, gorputzari”

Oihane Arana bertsolaritzan aritu da txikitatik; 2017an eta 2018an Gipuzkoako eskolarteko txapelduna izan zen. Halaber, 2020an bere lehenengo eleberria plazaratu zuen, Portuak.