Verde Pratoren “Kondaira eder hura” lanak euskaraz egindako disko onenaren MIN Saria jaso du

2022-04-28

Espainiako musika independentearen MIN sariek Ana Arsuaga tolosarrak zuzendutako Verde Prato egitasmoaren Kondaira eder hura diskoa saritu du; hain zuzen, euskaraz egindako album onenaren Etxepare Euskal Institutuaren Saria jaso du. Chill Mafia, Gaur, IDOIA eta Liher izan dira beste hautagaiak.

Ana Arsuaga tolosarra dago Verde Prato egitasmoaren atzean, besteak beste, Serpiente eta Mazmorra taldeetan aritutako musikaria. Bada, zazpi kantu biltzen dituen Kondaira eder hura diskoa argitaratu du. Arsuagak elementu gutxirekin eraikitako doinu minimalistak jotzen ditu. Elementu horien artean ahotsa da nagusi. Folkaren eta elektronikaren uztarketan dihardu. Pinturan ere aritzen da.

“Verde Pratok ahotsarekin esperimentatzen du batez ere, eta looper bat eta teklatu bat besterik ez ditu lagun. Melodiaren eta hitzen artean, kantuaren bidez, ezartzen den lotura eta transmisio-ahalmena interesatzen zaizkio, bai eta zuzeneko batean sor daitezkeen intentsitate desberdineko erlazioak aztertzea ere. Bere musika-erreferentziak tradizionalak direla sumatzen da, baina beste erritmo batzuekin nahastean, hasiera batean, oso desberdinak diren soinuak ere integratzen ditu. Bai letretan, bai konposatzeko elementu gutxi aukeratzean, Verde Pratok xumetasunaren aldeko apustua egin du. Xalotasun horrek indarra hartzen du zuzenekoetan. (…) Bere abestiek, bere koadroek bezala, istorioak kontatzen dituzte eta euskal folkloretik edaten dute. Euskaraz, gaztelaniaz eta errusieraz kantatzen du”.