Uxue Alberdik Euskadi saria jaso du

2020-10-15

Uxue Alberdik Euskadi saria irabazi du Kontrako eztarritik saiakerarengatik. Idoia Santamariak ostera, itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik.

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Kontrako eztarritik  saiakeran  emakume bertsolarien testigantzak bildu ditu. Horretarako hamabost bertsolari elkarrizketatu baititu, tartean, Amaia Agirre, Maialen Akizu, Oihana Bartra, Miren Amuriza, Maider Arregi, Alaia Martin, Eli Pagola, edota Jone Uria.

Liburuaren hitzaurrean Jule Goikoetxea adituak dioenez, “lanaren helburua, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo”.

Bestalde, Idoia Santamariak itzulpengintza saria jaso du, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lanagatik. Ipuin sorta bat biltzen du liburuak. Narrazioak independenteak dira, baina egitura “zikliko” bat osatzen dute. Itzultzailearen arabera, “Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen”.