Unibertsitate-jakintzaren komunikazioari buruzko ikastaroa ondu du UEUk Euskararen Etxean

2022-06-13

UEUeren Argitalpengintza Batzordeak Unibertsitate-jakintzaren komunikazioa: liburuak, aldizkariak, ikus-entzunezkoak, sare sozialak… izenburuko Saioa antolatu du ekainaren 29an, Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, 9:30etik 14:00etara bitarte.

Unibertsitate-jakintzaren komunikazioan diharduten sei eragilek parte hartuko dute ikastaroan, haien esperientziak azaltzeko asmoz. Parte-hartzaileek ondoko galderei erantzungo die:

  • zein leku dute liburuek, aldizkari zientifikoek, ikus-entzunezkoek, sare sozialek… unibertsitate-jakintzaren komunikazioan?
  • unibertsitateetako ikasleek eta irakasleek zer irakurri dute tradizionalki eta zer irakurtzen dute orain?
  • unibertsitateek zelan komunikatu dute tradizionalki eta zelan komunikatzen dute orain?
  • zein da ikerketaren komunikazioaren eta jakintzaren dibulgazioaren arteko muga?
  • zein da eta zein izan behar da euskararen lekua unibertsitate-jakintzaren komunikazioan?

“Goiz osoko jardunaldi-solasaldi-ikastaldi-mahai-ingurua izango da, parte-hartzaile guztien arteko gogoeta eta solasa sustatu nahi delako”.

Halaber, hauxek dira jardunaldiaren helburuak:

  • Gogoeta sustatzea unibertsitate-jakintzaren komunikazioaz (euskarriak, hedatzeko moduak…).
  • Euskarak unibertsitate-jakintzaren komunikazioan izan behar duen lekuaz jardutea.
  • Unibertsitate-jakintzaren komunikazioak 21. mendean izan ditzakeen joerak aurreikusten saiatzea.

Informazio gehiago, hemen.