Aurten bizi dugun osasun egoera berezia tarteko, Udagoieneko Ostera jaialdia online egingo da. Horrekin batera, jaialdian egingo diren hiru kontzertuak Bizkaiko hiru museotan grabatuko dira. Hartara, Udagoieneko Ostera Hegan izena hartuko du aurten ekimenak.
Hauexek dira Udagoieneko Ostera Hegan baitan egingo diren hiru kontzertuak: Eñaut Elorrieta, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan grabatua, azaroaren 13tik 15era ikusi ahalko da; Zea Mays, Muskizko El Pobal Burdinolan jasoa, azaroaren 20tik 22ra izango da ikusgai; eta, azkenik, Izaki Gardenak, Bermeoko Arrantzaleen Museoan egina, azaroaren 27tik 29ra gozatu ahalko da.
Ekimenaren antolatzaile Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi duenez, “udazken honetan, Udagoieneko Ostera Hegan egingo dugu: Bizkaiko hiru toki esanguratsuenetan, hiru kontzertu berezi antolatu ditugu, ondarea eta musika uztartuz lortzen den magiaz gozatzeko aukera eskaintzeko. Hau da urte honetako gure oparia guztiontzat!”.