Txakur Gorria Sormen Kolektiboak “Orainmenean” estreinatuko du Euskararen Etxean

2020-09-16

Bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat josi du Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean izenburuko ikuskizunean. Bada, diziplina anitzeko kolektiboak ikuskizun hori estreinatuko du urriaren 8an, Bilbon dagoen Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak zikloaren baitan egingo da.

Sarrerak doakoak izango dira, eta telefonoz erreserbatu beharko dira, 944 028 081, bi sarrera gehienez. Erreserbak irailaren 21etik aurrera egin ahalko dira, ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00.

Halaber, ekitaldia streaming bidez ere zabalduko da, Euskararen Etxearen Youtube kanalaren bidez.

Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren arabera, “bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai”.