Laranjaz eta urdinez jantzi dute “Tupust!” komiki feministaren bigarren antologia

2021-08-24

2019ko martxoan aurkeztu zuen Tupust! emakume-komikigileen kolektiboak izen bereko antologiaren lehen alea, “komikigintzatik eta euskaraz, eredu tradizional heteropatriarkalaren deseraikitzeko” asmoz.

Estreinako zenbaki hura Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu izanagatik ere, oraingoan, autoedizioaren aldeko hautua egin dute. Bigarren ahalegin ZU izenburupean aurkeztuko da: “Zu. Bestea. Ni ez den hori. Niaren ardatza, niaren etsaia, niaren osagarri. ZU”.

Bigarren komiki antologia feminista hori aurresalmentan eskuratu daiteke: https://tupust.bigcartel.com/product/tupust-zu-aurresalmenta. Liburuaren bidalketak urriaren hasieran egingo dituzte.

Irakurleak askotariko komiki-estiloak aurkituko ditu zenbaki berri honetan; esaterako, Maite Gurrutxagak Irati Jimenez idazlearen testua ilustratu du, Pedro Salinasen hitzetan oinarrituta eta Susanna Martín-ek komiki autobiografikoa egin du. Ainara Azpiazu Aduriz Axpi, Maite Caballero, Paula Estevez eta Irati Eguren dira liburuan parte hartu duten komikigile eta ilustratzaileak.

Tupust! emakume-komikigileen kolektiboaren helburua komikia eta feminismoa uztartzea da, bai eta egileen arteko sarea osatzea ere. Hala, Tupust! komikiaz gainera, bestelako ekitaldiak ere antolatzen dituzte: hitzaldiak, erakusketak, eta abar.