Emakume bertsolarien, antolatzaile feministen eta emakume bertsozaleen arteko sarea indartzeko asmoarekin eratu da I. Señora Sariketa. Bi saio eta finala izango ditu: apirilaren 17an, Aramaion; apirilaren 24an Mutrikun; eta, azkenik, maiatzaren 8an finala, Lesakan. Hainbat emakume bertsolari eta bertsozalek ondu dute ekimen aldarrikatzaile eta umoretsua.
Maider Arregi bertsolari oñatiarra da sariketaren antolatzaileetako bat, eta hark Bertsoa.eus webgunean adierazi duenez, “txantxa moduan sortu zen (Señora izena). (…) espontaneoki bururatu zitzaigun, beste sariketa batzuen testuinguruan. Gero, ordea, ikusi genuen aldarrikatu daitekeen kontzeptua dela. Definitzeko zaila da: zer da señora bat? baina, aldi berean, denok ulertzen dugu zer den eta zerikusia dauka emakume indartsua eta ahaldundua izatearekin. Hori aldarrikatu nahi dugu”.
Sariketaren lehenengo saioa Aramaioko Kultur Etxean egingo da larunbatean, 17:00etatik aurrera: Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea arituko dira. Ainhoa Urien izango dute gai-jartzaile.
Bigarren kanporaketa Mutrikuko Kalbarioko ermitan izango da apirilaren 24an, 17:00etan: Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan. Maite Berriozabalek, ostera, saioa zuzenduko du.
Sarrerak eskuratzeko: bertsosarrerak.eus