“Poesia Kaierak” eta “Ganbila” bildumek liburu berriak aurkeztuko dituzte

2021-04-15

Susa argitaletxearen baitan dauden Poesia Kaierak bildumak eta antzerki lanak plazaratzen dituen Ganbila sailak liburu berriak aurkeztuko dituzte hil honetan.

Poesia Kaierak bildumak Christopher Okigbo eta Edna St. Vincent Millay poeten antologiak plazaratuko ditu.

Bi lan horiek apirilaren 20an , aurkeztuko dituzte Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Ekitaldian Beñat Sarasola bildumaren editoreak, eta Karmen Irizar Segurola eta Ana Morales itzultzaileek parte hartuko dute; streaming bidez ere ikusi ahalko da:https://meet.jit.si/susa

Karmele Irizarrek ekarri du euskarara Christopher Okigbo poeta nigeriarraren lana: “XX. mendeko poeta afrikar handienetakotzat jotzen da. Ojoton (Nigeria ) jaio zen 1932an eta gazterik hil zen, 1967an, Nigeria eta Biafraren arteko gerran borrokan. Nigeriako literaturaren bultzatzaile nagusia izan zen Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazle handiekin elkarlanean”.

Ana Moralesek bestalde, Edna St. Vincent Millay poetaren lana itzuli du: “XX. mendeko ingelesezko poesia lirikoan maisu-maistren artean Edna St. Vincent Millayk leku berezia du dudarik gabe. Hogeita hamaika urte betetzerako Pulitzer Poesia Saria eskuratu zuen, sari hori lortu zuen lehenengo emakumea, eta AEBetako poeta entzutetsuenetakoa bilakatu zen.

“Ganbila” bilduman, hiru nobedade

Hauxek dira Ganbila sailaren hiru nobedadeak: Dama (Jon Gerediaga), Zerrakuretan (Gaizka Sarasola / Mairu Antzerki Tailerra) eta Aititaren betaurrekoak (Agus Perez).

Hiru antzerki lan horiek apirilaren 22an aurkeztuko dituzte Donostiako Kaxilda liburudenan, 11:00etatik aurrera. Jon Gerediaga, Gaizka Sarasola eta Agus Perez egileak eta Oier Guillan bildumaren arduraduna izango dira bertan. Streaming bidez ere ikusi ahalko da: https://meet.jit.si/susa

Ganbila sailaren arabera, Jon Gerediagak idatzitako Dama lan poetikoa da. “Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke”.

Gaizka Sarasolaren lana berriz, “berritzailea” da. “Ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da”.

Azkenik, Agus Perezek ibilbide luzea egin du euskal antzerkian; liburuak hain justu, ondare horren zati bat jasotzen du: “Bi atal topatuko ditu irakurleak liburu honetan: lehenengoan, Agus Perezek kritikari jardunaren erraiak agerian utziko ditu. (…) Bigarrenean, bere ibilbidean idatzitako 2.000tik gorako iruzkinetatik 30 aukeratu ditu, eta irakurketa berri bat gehitu die gaurko begietatik”.