“Panpina”, “Zartatua / 4.48 Psikosia” eta “Bidaidea”, Ganbila antzerki bildumaren uzta berria

2020-11-16

Susa argitaletxeak Ganbila antzerki bildumako hiru lan berri aurkeztuko ditu bihar, azaroak 17, Donostiako Udal Liburutegian, 11:00etatik aurrera. Hauexek dira argia ikusiko duten hiru liburuak: Panpina (Erika Olaizola eta Kamikaz Kolektiboa), Zartatua / 4.48 Psikosia (Sarah Kane) eta Bidaideak (Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe eta Hika Teatroa).

Aurkezpen ekitaldian Erika Olaizola, Agurtzane Intxaurraga, Arantzazu Fernandez eta Oier Guillan izango dira. Aurkezpena, halaber, streaming bidez jarraitu ahalko da: https://meet.jit.si/susa

Liburuei dagokienez, Panpina Erika Olaizoaren antzerki lana da, adierazteko beharretik sortutakoa. Hala, liburuan antzezlanaren testua ez ezik,  obrak berak eragindako bestelako gogoetak ere biltzen dira. “2019ko udazkenean estreinatu zenetik, Panpina antzezlana emanalditik emanaldira hazten joan da. Publikoarekin berehalakoa izan da konexioa, eta gerora, Erikak emanaldiz emanaldi antzezlanaren energiaz jabetu ahala, gero eta ozenago egin du eztanda haren oholtza gaineko indarrak”.

Zartatua / 4.48 Psikosia liburuak bestalde, Sarha Kane dramaturgo britainiarraren bi lan biltzen ditu, Arantzazu Fernandezek itzuliak. “Euskal literatura dramatikoen idazleen lanak publikoaren eskura ipintzearekin batera, nazioarteko azken dramaturgiaren berri zabaltzen saiatuko gara Ganbila bildumatik”. Kaneren lanak ez dira “batere samurrak”, besteak beste, bortizkeria, abusuak edo heriotza ironia eta umorearekin uztartzen baitira. “Sintaxia askotan bortxaturik azaltzen da”.

Azkenik, Bidaideak Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek Hika Teatroa konpainian garatutako lankidetza “eredugarriaren” emaitza da.  “Zuzendariaren eta idazlearen arteko elkarlan eta dialogoaren isla da: nola baten imajinarioak elikatu dezakeen bestearena, nola bien artean sortzen den hirugarren espazio zabal bat”. Liburuan hiru testu biltzen dira: Ai ama! (2002), Ixa (2003) eta Aitarekin bidaian (2010).