“Orainmenean” ikusteko plaza guztiak bete dira

2020-10-05

Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ostegunean estreinatuko duen Orainmenean ikuskizuna ikusteko leku guztiak bete dira. Ekitaldia Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren baitan egingo da, Euskararen Etxean.

Halere, gonbidapena lortu ez dutenek streaming bidez jarraitu ahalko dute ikuskizuna, 19:30etik aurrera, Euskararen Etxearen Youtube kanaletik: https://youtu.be/6PPdwFvPr0c

Bertsolaritzaren genealogia feminista “posible” bat josi du Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean izenburuko ikuskizunean. “Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai”.