“Ondarea, berbetan”, gure museoak euskaraz

2021-11-29

Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarea, berbetan ekimena jarri du martxan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Euskararen Etxeak antolatuta eta BizkaiKOA Bizkaiko foru Museoen sarearen laguntzarekin jarri da abian ekimena.

Ekimen horren bidez, batetik, museoen ondarea euskaraz berbetan jarri nahi izan da, museoek euskaraz jarduten dutela agerian jartzeko helburuarekin; eta, bestetik, museoen ondarea haien berbetan islatu nahi izan da, euskara euskarri fisikoetara ekarriz.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zortzi tokitan egingo da: Euskararen Etxea, Bakioko Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Gernikako Euskal Herria, Kortezubiko Santimamiñe eta Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoa.

Euskaren Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Etxearen eta BizkaiKOA Bizkaiko foru Museoen sarearen bidez Ondarea, berbetan ekimena ondu du, museoetan euskararen presentzia nabarmentzeko.

Museoen ondarea haien berbetan erakusteko asmoz, zentroetako ondarearen araberako euskarazko alfabeto propioak egin dira, bisitariek museoetako euskararen berri izan dezaten. Horrela, euskara, euskarri fisikoetara eraman da bisitariek eskuragarri izan dezaten: 

  • Abezedarioak museoek biltzen dituzten obren edo ondarearen berbekin ondu dira, eta totem ikusgarri batzuetan izango dira erakusgai abenduaren 3tik aurrera.
  • Horrekin batera, bisitariek berba horiekin osatutako hiztegi txiki bat eskuratu ahalko dute, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko ordainekin.
  • Hartara, bisitariek gure hizkuntzaren berri izango dute, eta, era berean, horren zatitxo bat etxera eraman ahal izango dute.

Hauek dira museok ondu dituzten alfabetoak:

Bakioko Txakolingunea: 

Ardo, Baserri, Dolare, Eguzki, Filoxera Garraztasun, Hondarrabi, Inausketa, Jatorrizko deitura, Kupel, Lurrak, Mahats, Nortasun, Ontze, Pitxer, goRri, Sustrai, Txakolin, Upategi, Xurgatu eta Zapore

Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa: 

Artile, Buztan, Dinamo, Ehungailu, Fabrika, Galtzerdiak, Hari, Irute, Jantzitegi, Karda, Lehortegi, Mataza, Neurgailu, Oihal, Poleak, eRremailadora, Selfaktina, Txarrantxa Uhal, Xaboitu, Zulagailu

Bermeoko Arrantzaleen Museoa

Arrain, Bits, Dorretxe, Estropada, koFradia, sareGile, Hegaluze, Itsaso, Jai, Kostalde, Legatz, Murtzila, Neskatila, Ontzi, Portu, patRoi, Sare, Txikota, Ur, tXo, otZara

Bilboko Arkeologi Museoa

Aurpegibiko, Bihi, Dolare, Errekuntza-hobi, Falka, Gerriko-plaka, Hilobi-harri, Indusketa arkeologiko, Jaurtigai, Koprolito, Laginketa, Moustier aldi, Nekropoli, Opaiztu, Puntzoi, eRrausketa, Suharri, Testuinguru-arkeologia, Ukitu, Xafla mehe, Zulakaitz

Euskararen Interpretazio Zentroa (Euskararen Etxea)

Azoka, euskara Batua, D eredua, Euskalduna, Fonemak, euskalGintza, Hitanoa, Itzultzaile neuronala, Jarrera, Korrika, sozioLingusitika, Mintzapraktika, Normalkuntza, Ofizialtasuna, Poto, BeRria, Seaska, Txiokatu, Unibertsala, Xuxurlaria, Zonaldeko euskara

Gernikako Euskal Herria

Armarri, Baserri, Dantza, Erritu, Foru, Goru, Hegoalde, Iraultza, Jauregi, Kaiku, Lurralde, Mapa, Nortasun, Ohitura, Pandero, eRromeria, Sagardo, Trikitixa, tXapel, Zesta-punta

Kortezubiko Santimamiñe

Aztarnategi, Bultzagailu, Datazio, Etxola-hondo, Flotazio, Grabatu, Harri-pintza, Igitai-hortz, Jariatze, Karrakailu, Labar-arte, Maskortegi, Neolito, Orein-adar punta, Perkusio-erraboil, aRrankazi, Sareta, Trikuharri, Urruntzaile, tXartatzaile, Zutabe estratigrafiko

Musizko El Pobaleko Burdinola museoa 

Agoa, Burdin, Dinbi-danba, Egur ikatz, Forjatu, Gurpil, Hauspo, Ingude, Jauntxo, Kurrikak, Labe, Mailu, Naza, topiÑa, Olagizon, Pago, eRrementari, Su, Totxo, Ur, Xafla, Zepa

Bestelako jarduerak, museoetan

Halaber, museoek euskaraz jarduten dutela nabarmendu nahi izan da Ondarea Berbetan ekimenarekin. Hori dela eta, museoek hainbat jarduera berezi antolatu dituzte Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egindako ekimen honen baitan:

  • Bilboko Arkeologi Museoak, Kortezubiko Santimamiñek, Bermeoko Arrantzaleen Museoak, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak eta Euskararen Interpretazio Zentroak abezedarioetarako aukeratutako berbetan oinarritutako bisita bereziak egingo dituzte.

Arrantzaleen museoan, esaterako, hegaluzearen inguruko bisita egingo dute, alfabetoan jasotako berbei jarraituz, Atunaren bisita. Arkeologi museoan era berean, Bisita gidatua biltegietara egingo dute totemean eta hiztegian bildutako berbekin; goizez, halaber, euskaltegientzako bisita bereziak eskainiko dituzte. Azkenik, Euskararen Etxeak Hostopostoak haur eta familientzako programa ere izango du egitarauan.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko gainontzeko museoek ondu dituzten jarduerak hauexek dira:

  • Gernikako Euskal Herria Museoa: Itsasoa bakarra da: Indalexio eta Santiago. Doro Zobaran ipuin kontalariak helduentzako saio berezi bat eskainiko du, kantu eta narrazioen bidez. Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren hainbat lanetan oinarritutako ibilbidea izango da, besteak beste, Agurea eta itsasoa edo Lehoi zintzoa lanetan oinarritua; parte-hartzaileek euskal kostaldeko lilurak bizitzeko aukera izango dute.
  • El Pobaleko Burdinola Museoa: Ideas y Creaciones erakundeko Juan Miguel Cortés artistak Diorama bat egingo du Playmobil figurekin, Olentzeroren unibertsoa. Diorama hori burdinolaren tailerrean erakutsiko da. Hori baliatuta, doako bisita batzuk eskainiko dituzte euskaraz. Diorama hori sortzeko prozesua nolakoa izan den ezagutuko dute bisitariek.
  • Bakioko Txakolingunea: Euskaraz kantari. Museoan euskaraz abestutako abestiak dituztela baliatuta, “aititek abesten dituen bi abesti eta txakolin-dantzarena”, bisitariei kantuon hitzak emango dizkiete, bertan abesteko edota etxera eramateko.

Ekintzetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da www.euskararenetxea.eus webgunearen bidez edota www.bizkaikoa.eus webaren bitartez.