Ursula K. Le Guin egilearen The Word For World Is Forest ekarri du euskarara Amaia Apalauzak, Oihan hitzean mundua. Igelak argitaratutako liburua Arrate Hidalgoren hitzaurrearekin eta Iban Zalduaren epilogoarekin osatuko da. Zientzia Fikziozko klasikoa irailaren 1etik aurrera eskuratu ahalko da.
Egile estatubatuarrak Vietnamgo gerraren itzalpean idatzi zuen obra hau; idazleak gatazka beliko horren aurkako jarrera erakutsi zuen. Hartara, liburuak kolonialismoaren eta militarismoaren gaiak aztertzen ditu. Le Guinek berak fikziozko lan batean islatu zuen “adierazpen politikorik argiena” bezala deskribatu zuen.
Hauxe da liburuaren sinopsia: “Kolonizazio bortitz batek athshetarren bizitza baketsua hautsi du. Selver ameslariak gidatuta, azkar baino lehen ikasiko dute haiek ere bortxaren mintzaira, euren munduak biziraunen badu. Nora darama itzulbiderik gabeko biolentziaren hautuak?
1976an argitaratua, Oihan hitzean mundua euskarara itzulitako Le Guin-en lehen liburua da. Estatubatuarra XX. mendeko zientzia fikzioaren maistretako bat da. Igela argitaletxearen arabera, “Taoismoaren, feminismoaren eta humanismo erradikalaren bidetik, gizateriari kapitalismotik at kokatzen diren bizikidetzarako aukerak eskaini zizkion bere lanetan”.