Munduko Poesia Kaierak bildumak bi koaderno berri argitaratu ditu: May Ayim alemaniarraren eta Raymond Carver estatubatuarraren antologiak. Lehenengoa Garazi Ugalde Pikabeak ekarri du euskarara eta bigarrena, berriz, Harkaitz Canok itzuli du.
Bi antologiak asteazkenean aurkeztuko ditu Susa argitaletxeak Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 11:00etatik aurrera. Ekitaldiak bi liburuen itzultzaileek eta bildumaren editore Beñat Sarasolak parte hartuko dute.
May Ayim (1960-1996) alemaniarra poeta, pedagogo eta mugimendu afroalemaniarraren aktibista izan zen. Eguneroko diskriminazio-esperientzietatik abiatuta, injustiziaz eta ezjakintasunaz arduratu zen, eta arraza-bereizkeriaren aurka borrokatu zen bere poesiaren bitartez.
Susaren arabera, “(…) halaxe azpimarratu zuen (May Ayimek) XX. mende akaberan arrazakeriak, sexismoak, lodifobiak eta abarrek ere erraietaraino sartuta jarraitzen zutela Alemanian, nahiz eta Holokaustoaren garaikoa bezain agerikoa ez izan. Ayimen poesiaren ezaugarrietako bat horixe baita, zapalkuntza ezkutu horiek soslai intersekzionaletik begiratu eta azalaraztea. Ayimen lengoaia poetikoa zuzen eta erritmikoa da”.
Raymond Carver (1938-1988) estatubatuarra XX. mendeko ipuingile handienetakoa da. Carverren poesiak kutsu narratibo nabarmena erakusten du, bere ipuinetatik gertu. “Poema narratiboak dira Carverren gehienak; istoriotxo laburrak kontatzen dizkigute”.
Poema horietan egunerokotasuneko elementuak nabarmentzen dira, tartean, objektuak eta eztabaida domestikoak. “Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua”.
Aurreko kaierak ezagutu nahi izanez gero: http://www.susa-literatura.eus/bildumak/mpk/