Uxue Alberdik Dendaostekoak izenburuko nobela berria plazaratu du. Idazle eta bertsolariaren hirugarren eleberria izango da, eta Marx eta brodatuak lotzen dituen mertzeria baten inguruko kronika literarioa da.
1970eko hamarkadako mertzeria baten egunerokotasunean gertatutakoak jasotzen ditu liburuak. Jostun bat eta brodatzaile bat dira narrazioaren protagonistak. Hala, oihal eta hari artetik liburu politikoak eta garaiko diskoak ere loratuko dira. Sinopsian jasotzen denez, “Marx eta mertzeria”, politika eta lana.
Sinopsiaren arabera, “aitak esan zien emateko tokia tailerrari eta almazenari: `Funtsezkoa ezkutuan egiten da´. Han josten dute geroztik, han brodatzen, hantxe gordetzen dituzte mozorroak egiteko oihalak, edo banatzaileari itzuli beharreko liburuak. Dendaostean entzun dituzte diskoak lagunekin, edo abortuaren aldeko manifestazioetarako prestatu, edo mendi irteeretarako.
Botoi bat josi liburu bat gomendatzen den bitartean, eta diskoak saldu txapelak brodatu ondoren. Eta, bitartean, uholdeak, atxiloketa eta atentatuak, txikiteoa, jaiotzak eta heriotzak. Denda baten kronika literarioa idatzi du Uxue Alberdik eta, bide batez, garai batena ere bai. Memoriaren dendaostetik”.
Alberdik beste bi nobela idatzi ditu aurretik: Aulki-jokoa (2009) eta Jenisjoplin (2017) dira. Wikipedia entziklopedia askearen arabera, “literatura tailerren irakasle, iritzi artikulugile, itzultzaile, irakurle-taldeen gidari, letragile eta beste hainbat alorretan aritzen da lanean (Alberdi). Ainhoa Agirreazaldegirekin batera Bertso Eskola Feminista delakoa jarri zuen abian.