“Maus” komiki klasikoa euskarara ekarriko dute

2022-01-25

Julen Gabiria @gabiriakopa idazle eta itzultzaileak duela pare bat aste iragarri zuen bere sare sozialetan Art Spiegelman suediar-estatubatuarrak egindako Maus komiki klasiko, mitiko eta historikoa euskaratzen ari zela. “Momentuz ederra izaten ari da itzuli ahal izate hutsa. Ea irakurketaren fasea ere gozagarria den zuontzat!”, azaldu zuen Gabiriak bere Twitter kontuan.

Halaber, Binke! Galdakaoko eta Usansoloko Aldizkaria itzutzaile galdakoztarrarekin solastatu da esku artean duen itzulpenaren harira. Gabiria gainera, tokiko argitalpen horretako ohiko kolaboratzailea da.

Itzultzaileak aldizkarian kontatu duenez, Bilboko Astiberri argitaletxearen eskaria jaso zuen Maus euskarara ekartzeko. Argitaratzaileak “txapela kentzeko moduko apustua» egin duela ere azaldu dio Gabiriak Binkeri, “euskaraz argitaratu ahal izateko eskubideak erosi behar izan ditualako lehenago”. Elkarrizketa osoa, hemen.

Wikipediaren arabera, Maus ingelesezko komiki liburu edo eleberri grafiko autobiografikoa da. (…) Bertan, bi istorio paralelo kontatzen ditu: Alde batetik, gaur egungo harremana Art komikigilearen eta Vladek haren aitaren artekoa, eta bestetik (ildo nagusia) aitak kontzentrazio-esparru batean bizi izandakoa, nondik eta bizirik atera baitzen.

Liburuaren orijinaltasuna pertsonaien irudikatzean datza, multzoka sailkatzen baititu arraza edo naziotasuna kontuan hartuta, eta horren arabera animalia talde batean edo bestean marrazten ditu: Juduak saguak dira (“maus” alemanieraz), alemaniarrak katuak, poloniarrak txerriak, frantziarrak igelak, britainiarrak arrainak, estatubatuarrak txakurrak,eta abar.