Maryse Condé, Kate Chopin eta Edna O’Brien idazleen lanak, Literatura Unibertsala bilduman

2022-01-26

Erein eta Igela argitaletxeek otsailaren 2an aurkeztuko dituzte Literatura Unibertsala bildumako 180, 181 eta 182. aleak: Bihotza negar eta irri, Maryse Condé (itzultzailea, Joxe Mari Berasategi), Ekaitza eta beste 34 ipuin, Kate Chopin (itzultzailea, Joxe Mari Berasategi) eta Landa aldeko neskak, Edna O’Brien (itzultzailea, Gema Lopez Las Heras).

Maryse Condé Frantziako idazle feminista ezaguna eta Karibeko kultura afrikarraren zabalkundeko ekintzailea da. Frantsesez idatzi du bere obra ia osoa. Askotariko lanak idatzi ditu, tartean, fikzio historikoa, ipuinak, eleberriak, saiakerak eta olerkiak.

Bihotza negar eta irri 1999. urtean argitaratu zuen. Maryse haurra da kontakizunaren protagonista. Etxean, Karibeko Guadalupe uhartean, gurasoek ez dute kreolerik hitz egin nahi, eta harro daude frantsesak izateaz, baina, familiak Paris bisitatzen duenean, neska txikiak erreparatzen dio zuriek sorbalda gainetik nola begiratzen dieten.

Kate Chopin, jaiotzez Katherine O’Flaherty Louisianan bizi izan zen idazle estatubatuarra izan zen.  Gehienbat ipuinak idatzi izan zituen, 200 inguru. Wikipediaren arabera, “Louisianako kreoleen ohitura eta hizkerak adierazten zituenez bere lanetan, idazle kostunbristatzat hartu zuten askok; baina bazegoen beste alde bat bere kontakizunetan, emakumezkoen esperientzia angelu berrietatik agerraraztekoa, independentziarako grina eta desira sexuala duten emakumezkoak dira sarri”. Ekaitza kontakizuna 1898. urtean idatzi zuen.

Edna O’Brien irlandar nobelagilea da. Farmaziako ikasketak egin zituen, eta farmazialari jardun zuen, 1960. urtean estreinako eleberria argitaratu zuen arte: The Country Girls (Landa aldeko neskak), zeinak trilogia osatuko zuen Girl with Green Eyes (1962) eta Girls in Their Married Bliss (1964) lanekin batera. Trilogiak Irlandaren historia kontatzen du, bere bi protagonisten bizitzaren bitartez. Protagonistek nazionalkatolizismoak markatutako gizarte landatar eta kontserbadore bati egin behar diote aurre, non emakumeek askatasunerako tarte txikia duten.