Martxoaren 9tik 29ra bitarte egingo da Bilboko Loraldiaren zazpigarren edizioa. Jaialdia 13 gunetara zabalduko da Sormenari zor lelopean. Ohikoa denez, diziplina ugari uztartuko ditu Loraldiak.
“Sormenari zor da aurtengo festibalerako aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, artea eta bertsolaritza presente izango dira”.
Edizio honetan euskal kulturako zenbait erreferente omenduko ditu jaialdiak, besteak beste, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho.
Horrekin batera, emakume gazte askok parte hartuko dute. “Aurtengo edizioak ahotsa emango die sortzaile gazte askori, baita hainbat emakumeri ere: Idoia Azurmendi, Olatz Salvador, Ainhoa Urgoitia, Garazi Etxaburu… Hori dena gutxi balitz, Gaztea sarietan arrakasta izugarria izan duen Zetak musika taldea datorkigu gurera, eta diziplina ugari uztartuko ditu Loraldiak: dantza eta bertsoa, txalaparta eta klakea…”.
Zetak taldearena izango da, hain zuzen, egitarauko ekitaldi garrantzitsuena gazteen artean lortu duen arrakastaren ondorioz. Emanaldia martxoaren 12an izango da: “Zetak taldeak Zeinen ederra izango den diskoaren ikuskizuna plazaratuko du Arriagako eszenatokian. Pello Reparaz musikariak sortu du proiektu ikusgarri hau musika elektronikoa euskaraz egiteko xedearekin”.
Aurtengo edizioak, gainera, berritasun batzuk ditu: kabareta, rol jokoak, autogida…
Informazio gehiago: loraldia.eus