“Loa eta Laia” marrazki bizidun digitalen telesailak euskara eta musika uztartuko ditu

2022-10-25

Haurrei eta familiei zuzendutako Loa eta Laia telesaila musikaren inguruan ardazten da, eta “euskal kultura, ohiturak eta gizarte hobeago baten aldeko balore unibertsalak sustatzea du helburu”.

Josu Bergara Aretxabaleta musikari eta publizista da egitasmoaren sortzailea, bai eta telesailaren musikaren egilea ere. Halaber, Paul Caballero arduratu da telesaila marrazteaz. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Bilbon kokatutako Euskararen Etxean.

Horiekin batera, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariak eta Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak izan dira Euskararen Etxean.

2 eta 7 urte bitarteko haurrentzako egitasmoa da Loa eta Laia, eta euskararen eta musikaren inguruan ardazten da. “Musika eta euskara dira egitasmoaren ardatzak eta bi pertsonaia horiek, inguruan dituzten beste lagun batzuekin batera, euskaraz eta Euskal Herrira begira, ohiturak transmititu, edukiak landu eta jarduerak proposatuko dituzte”.

Esaterako, Gau Beltza edo Euskararen Eguna jorratuko dituzte, horretarako propio sortutako kantuen bidez. Gau Beltzari dagokiona, hain zuzen,  gaur bertan estreinatuko da. Hilero eduki berri bat sortu nahi dute.

Loa eta Laiaren abenturak egitasmoaren webgunean eta Youtube kanalean ikusi ahalko dira.