Euskararen Etxeko kide eta Azkue Fundazioko arduradun Iurdana Acasuso Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean izan da gaur, Liburuaren Arbola erakusketa ibiltaria aurkezten. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko kideek eta Karrikiri euskara elkarteko kideek.
Liburuaren Arbolak Bizkaiko mugak gainditu ditu lehenengoz, eta Iruñean hartu du lur. Erakusketa urtarrilaren 23ra arte egongo da ikusgai Nafarroako hiriburuan, hango Hizkuntza Eskola Ofizialean. “Guretzat inportantea da Liburuaren Arbola Iruñean egotea”, azpimarratu du Iurdana Acasusok. “Izan ere, honako hau da Bizkaitik irteten dugun lehenengo aldia. Leiho berri bat ireki dugu Iruñean, leiho garrantzitsu bat, Euskararen Etxean egiten dugun lana zabaltzeko tartea eskaintzen digu-eta”, esan du.
Erakusketa Bizkaiko hainbat udalerritan egon da ikusgai orain arte. Alabaina, Iruñeko egonaldiari begira, eduki batzuk berritu dira, hala nola, euskara hutsezko liburuen kopuruari buruzko azalpenak eta liburu-azalen atala. Era berean, euskaraz kaleratutako azken hogei liburuen azalak ikusgai daude erakusketako paneletako batean. “Liburua elementu unibertsala da, baina erakusketa honekin, euskararen begietatik gerturatuko gara bertara, idazleengana, ekoizpen lanetara, interpretazioetara”. Gonbita egina dago, beraz. Iruindarrek eta inguruko herritarrek 09:00 – 14:00 / 16:00 – 20:00 ordutegian bisitatu ahalko dute Liburuaren Arbola.
Bisita gidatua ere bai
Liburuaren Arbola Gorka Arresek apailatu du. Hori dela eta, kazetari eta editore ohiak bisita gidatua eskainiko du urtarrilaren 20an, 17:30ean. Bisita debalde eskainiko da. Interesdunek Karrikiri elkartearen dendan eman beharko dute izena. (Xabier karrika, 4 – Iruñeko alde zaharra)