“Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik” ikastaroa ondu du UEUk

2024-05-14

Ekainaren 13an egingo du UEUk Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik ikastaroa Tolosako Kultur Etxean, 9:00etatik 16:30era.

Ikastaroa presentziala izango da, eta 10 orduko iraupena izango du. Matrikula-epea zabalik da, ekainaren 10era bitarte.

UEUren arabera, “euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa da. Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Hala ere, jakin badakigu, hizkuntzaren aldetik harreman sozioekonomikoak ez direla neutroak: merkatuaren indarrek hizkuntza batzuk bultzatzen eta indartzen dituzte, eta beste batzuk zokoratu eta ahuldu.

Hala, geroz eta globalizatuago, neoliberalizatuago eta tertziarizatuago dagoen ekonomia batean ba al da lekurik euskararentzat? Enpresa ikuspegitik, baldin eta halakorik badu, zein da euskararen balio erantsia? Borroka sindikalean zein paper dauka hizkuntzak? Politika publikoen bidez bideratzen diren neurriak nahikoa al dira eremu sozioekonomikoan euskara normalizatzeko? Arnasguneek, dituzten ezaugarriengatik, zein aukera eskaintzen dituzte estrategia berrien diseinurako?

Udako ikastaro honek plaza eskaini nahi du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia, diskurtso eta lan-ildo berriak elkarrekin pentsatzeko”.

Ikastaroari lotutako xehetasun guztiak, hemen.