Jon Plazaola aktoreak “Irabazi” antzezlana estreinatu du

2020-08-31

Jon Plazaola eta Txalo Produkzioak konpainiak Irabazi obra estreinatu dute iragan abuztuaren 25ean, Donostiako Antzoki Zaharra antzokian. Lehiakortasunaren inguruan ardazten den bakarrizketa da.

Txalo Produkzioak konpainiaren arabera, hau da antzezlanaren sinopsia: “Partehartzea da garrantzitsuena. Esaldi hori buruan sartu zigunak gezur galanta sinestarazi nahi izan zigun. Gaur egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da; ia edozertarako prest gaude ondoan dagoena zanpatu eta arratoi lasterketa honetan edonoren gainetik geratzeko gazta puxka mixerable baten truke. Irabaztea da helburua. Irabazi ala hil. Baina Félixek ez daki zer den hori. Bizitza guztian ez du ezer irabazi, ez da irabazle sentitu… erdibideko mediokre bat izan da beti. Baina ez atzera eta ez aurrera daraman bidegurutze horretan aurkitu du bere konfort- eremua, bere burua justifikatu eta bere existentzia patetikoari zentzu aematen dion dekalogoa eratu du. Bizitzaren lehiaketan, irabazi, batek bakarrik egin dezake. Mediokreak gehiengoa
gara. Gurea da garaipena. Gaur gauean, ordea, Félixek sari bat jasoko du. Irabazi egingo du. Galtzen irakatsi digute, baina irabazten ba al dakigu?”