John Steinbeck eta Simone de Beauvoir, “Urrezko Biblioteka” bilduman

2021-04-13

Asun Garikanok euskarara ekarritako John Steinbeck idazlearen The pastures of Heaven (Zeruko belardiak ) eta Oier Alonsok itzulitako Simone de Beauvoirren Les sang des autres (Besteen odola) dira Elkar, EIZIE eta Eusko Jaurlaritzak ondutako Urrezko Biblioteka bildumaren ale berrargitaratuak.

EIZIEren arabera, “Urrezko Biblioteka izena jarri zitzaion liburu berrargitaratuek osatuko duten bildumari, eta Elkar argitaletxeari esleitu liburuok argitaratzeko lana, lehiaketa publiko bidez. Aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orraztuak eta zuzenduak berrargitaratzen dira itzulpenok”.

Steinbeck-en liburuan jende xehearen gorabeherak biltzen dira, The Grapes of Wrath ospetsuan egin zuen bezala: “Zeruko Belardiak deitu zioten parajeari hura deskubritu zuten konkistatzaile espainiarrek, halako oparotasuna eta edertasuna zerizkion muino arteko haran hari. Alabaina, aingeruak ez baizik laborariak bizi dira bertako etxaldeetan, kezka oso lurtarrak dituztenak: lana eta jana, jolasa zein solasa, lurra nahiz larrua…”.

Beauvoirren Besteen odola eleberriari dagokioenez, Hitzen Uberan webgunearen arabera, “Besteen odola nobela izan zen euskaraz irakurri ahal izan genion lehenengoa. 1945eko abuztuan argitaratu zen, II. Mundu Gerra bukatu baino egun batzuk lehenago, eta, hain zuzen ere, gerraurreko giroa eta Frantziako erresistentzia aipatzen ditu batez ere”.